22 February, 2023

OTSAILAK 22, EMAKUME ETA GIZONEN SOLDATA BERDINTASUNAREN ALDEKO NAZIOARTEKO EGUNA

Gizartean generoen arteko berdintasunaren aldeko apustua badago ere, berdintasun formalean geratzen da askotan. Errealitatean emakumeek emakume izate hutsagatik, ezberdintasunak eta zeharkako zein diskriminazio zuzenak jasaten jarraitzen dute haien bizitzako esparru guztietan. Lan mundua ez da salbuespen bat egoera honetan.

Pandemia garaian joera aldaketa egon zen, eta lehenengo aldiz, emakume gazteen langabezia tasak gizon gazteena baino altuagoa izateari utzi zion. Baina gertaera puntuala baino ez zen izan, eta tendentzia aldaketa horrek buelta eman zuen berriz, bere aurreko bidea jarraituz.

Langabezia tasa, prekarietatea sostengatzen duen hanketako bat baino ez da, eta prekaritatea eusten duten arrazoi berdinak dira soldata arrakala ematearen arrazoi. Datuei erreparatuz, antzeman daiteke emakume gazteen %41,1ak lanaldi partzialean egiten duela lan: gizonezkoen kasuan ehuneko hau ia erdira murrizten da, %26,4 izanik. Kontratuen nolakotasunari erreparatzen jarraituz, emakume gazteen %66,4k behin behinekoak dira, kasu honetan gizon gazteekin parekatuago egon arren (%64,4), emakumeen datuak okerragoa izaten jarraitzen du. Lanaldi partzialak emakumeek eta gizonek astean ematen dituzten ordu kopuru ezberdintasunean ere antzeman daiteke (33 eta 39 ordu, hurrenez hurren). Horrek guztiak ere, soldata arrakalan eragin zuzena dauka.

Kontratuen bidez berdintasun formala betetzen bada ere, ez da berdintasun erreala bermatzen, aipatu ditugun egoera horiengatik guztiengatik eta ondorioz, lan berdina burutzeagatik emakumezkoek gizonezkoek baino %25 gutxiago kobratzen dute. 

Egoera honekin amaitu behar da behingoz, eta berdintasun hori benetan erreala bihurtu. Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) eta kontseiluaren barruan dauden elkarteen atxikimenduekin, Emakume eta Gizonen Arteko Soldata Berdintasunaren Aldeko Nazioarteko egunean lanpostu berdina betetzen duten pertsona guztiek lan-baldintza duin eta berdinak izatea aldarrikatzen da, inolako bereizketarik egin gabe, emakume, gizon eta genero bitarraren parte sentitzen ez diren pertsonen artean.

Hori dela eta, publikatutako manifestuak biltzen dituen aldarrikapenak ondorengoak dira:

  • Gazteen enplegura bideratutako politika publikoetan genero-ikuspegia txertatzea. Hori dela eta, erakunde publikoek baliabideak jarri behar dituzte emakumeek soldata berdinak jasotzeko, lanaldi bikoitzak deuseztatzeko, emakumezkoek eta gizonezkoek aisialdian igarotzen duten denbora berdintzeko, eta lan-munduan agintzen duen sistema heteropatriarkalari loturiko bestelako diskriminazioei amaiera emateko.
  • Soldata arrakalaren azterketa egiteko eman beharreko lehenengo urratsa da sexuka banatutako datu eguneratuak izatea.
  • Soldata arrakala ezabatzeko enpresa pribatu zein publikoei zigor gogorragoak jartzea, benetako berdintasunera iristeko tresna bezala.
  • Erakunde publikoek lan kontratu duinak bultzatzeko neurri efizienteagoak hartzea, gazteen egoera ekonomikoari konponbidea emate aldera eta etorkizun arintzeko eta etorkizun hobe bat ziurtatu aldera.
  • Ezinbestekoa da Berdintasun Planak bultzatzea eta enpresa eta zerbitzu ezberdinetan garatzea eta inplementatzea, berdintasun erreala garatzeko neurriak ezartzen direla ziurtatzeko.
  • Aldibaterako kontratuak murriztea eta kontratu mugagabeak sustatzeko neurri gehiago hartzea.
  • Partzialtasunarekin bukatzea.
  • Kontziliaziorako neurri erreal eta eraginkorrak martxan jartzea.

Gehiago jakin nahi baduzu edo zure proposamenak helarazi nahi badituzu, idatzi bizibaldintzak@egk.eus / berdintasuna@egk.eus helbideetara edo deitu 945220601 / 688737153 (Oihana) edo 943429767 / 615749929 (Leire) zenbakietara.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.