Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan kezkatuta gaude, azkenaldian talde eta adierazpen neo-faxistak sortu direlako gure inguruan. Horregatik, komunikatu bat argitaratu dugu, eta gazte guztiei dei egiten dizuegu, eskuin-muturreko mugimenduei aurre egiteko eta bakea, errespetua eta justizia bezalako baloreak sustatuko dituen gizarte baten alde egiteko. Neo-Faxismoaren aurrean, gazteok batuta.
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko komunikatua,
Euskadin gertatzen ari diren faxismo adierazpenen aurrean
Gaur egungo krisi ekonomikoa faxismoaren gorakadarako hauspoa da, bere alderdi guztietan. Muturreko-eskuina Europako toki askotan hazten ari da, eta Euskadi ere ez dago arrisku horretatik kanpo.
Gazte eragile bat garen heinean, kezkatuta gaude gure inguruan izaera nazi-faxista duten mugimendu ezberdinak antolatzen ari direlako. Pintada arrazista eta xenofoboak eta propaganda faxista agertu dira gure udalerri askotan, tartean gure hiriburuetan, zeinetan eskuin-muturreko antolakundeen kartelak eta pegatinak agertu diren. Eta, oraindik grabeagoa dena: hainbat gaztek erasoak eta mehatxuak jasan dituzte, bere jatorriagatik, sexu-orientazioagatik eta ideologiagatik.
Eraso eta propaganda adierazpen hauek guztiak irmo gaitzetsi behar ditugu, eta aurre egin behar diegu ere. Faxismoa ez da bromak egiteko erabili dezakegun jostailu bat. Ideologia kriminal baten aurrean gaude, eta mehatxu larria izan daiteke, garaiz aurre egiten ez badiogu eragin konponezin eta suntsitzaileak izan ditzakeelako.
Faxismoa batasun monolitiko baten proiektuan oinarritzen den ideologia politikoa da. Nazioaren ideia goresten du, norbanakoaren edo klasearen aurrean; desberdintasun politikoak ezabatzen ditu modu biolentoan, alderdi bakar baten mesedetan; eta lokalismoak ezabatzen ditu, zentralismoaren alde. Iraganean, establishment-a mantentzeko neurri bezala jaio zen, gizartearen eta demokraziaren aurrerapenen aurrean, eta eskubideen aldeko borrokaren ondorioz sortutako gatazkak menperatzeko ezintasunaren aurrean.
Estatu-botereek gauzatutako faxismo-adibide bakoitza dramatikoa izan da giza-bizitzetan, eskubideetan eta atzerapenean, ez bakarrik zuzenean sufritu izan duen belaunaldiarentzat, baizik eta hurrengoentzat ere. Beldurraren kulturaz, gorrotoaren propagandaz eta biktimismoaz elikatzen da ideologia hau, egiazki eliteen pribilegioak mantentzearen alde egiten duen bitartean. Italia, Alemania eta Espainia zapalkuntza faxistaren adibide gaitzesgarri izan ziren, gizarte-atzerapena sufrituz ideologikoki eta progresoaren aldetik, eta gaur egun oraindik ondorio horiek gainditzeko lanean ari gara.
Egoera honen aurrean, guztioi dagokigu (salbuespenik gabe), justizia, elkarbizitza, errespetua, elkartasuna eta bakea bezalako balorez betetako gizartea eraikitzeko elkartzea; ezberdin pentsatu, sentitu edo izateagatik biolentzia-adierazpenek lekua izan ez duen gizartea. Faxismoaren gaitzari aurre egin behar diogu, eta gizarte-sektore jakin batzuk kriminalizatzeko eta estigmatizatzeko eskuin-muturrak egiten dituen mugimenduak gaitzetsi. Neofaxismoak eta eskuin-muturrak kontinente osoan gora egiten duen garai hauetan, beharrezkoa da kulturartekotasun baloreak eta balore demokratikoak arriskuan jartzen dituzten pertsonak segitzea eta zigortzea.
Koherentzia, biziraupen eta zentzuzkotasun kontua da mehatxu honi aurre egitea. Horregatik, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik gazte guztiei dei egiten dizuegu:
1.- Bakea, justizia eta errespetua sustatuko dituen gizarte bat eraikitzeko mobilizatu gaitezen. Ezjakintasunak elikatzen dituen eta gorrotoa eta biolentzia baino eragiten ez dituen mugimendu hauek gaitzetsi ditzagun.
2.- Ezberdin pentsatu edo sentitzen duenarekiko, kolore bat ala bestea duenarekiko eta erlijio bat ala beste bat (ala bat ere ez) duenarekiko tolerantzia, errespetua eta elkarbizitza balioak sustatu ditzagun.
3.- Gure gizartean gertatzen den Giza Eskubideen edozein urraketa gaitzetsi dezagun, baita hautemanezina dirudienean ere.
4.- Tolerantzia, errespetua eta elkarbizitza baloreak sustatzen dituzten erreferenteak bilatu ditzagun, eta kontrakoak arbuiatu.
5.- Gobernu eta administrazioei bere jokaera barneratzailea izan dezan, eta bere jarduera bakearen defentsa, errespetua, tolerantzia, elkarbizitza eta faxismoaren aurkako jarreraren adibide izan dadin; hala nola, ez dezan kolektiborik osasun-sistematik baztertu, integrazio-politikak indartu ditzan eta abar luze bat.
Gazteok, neo-faxismoari aurre
Euskadiko Gazteriaren Kontseilua
Gasteizen, 2013ko abenduaren 23an