21 January, 2016

EGK-k gazteek, teknikariek eta politikariek, gazteen mugikortasun eta itzulera politiken gainean egindako ekarpenak aurkezten ditu

EGK-k gazteek, teknikariek eta politikariek, gazteen mugikortasun eta itzulera politiken gainean egindako ekarpenak aurkezten ditu

  • Txostena 2015eko azaroan Gasteizen egindako topaketan oinarritzen da eta politikari, teknikari eta gazteen ideiak jasotzen ditu
  • 25 parte-hartzaileek joan diren gazteen gaineko datu eta informazio eza azpimarratu eta gazteen atzerriratzea aukera bat dela ziurtatzeko jatorrizko herrialdean baldintza minimo batzuk egon behar direla adostu zuten
  • Eztabaidan itzulera estrategia bat garatzeko ideien zerrenda egin zen, ikerketak bultzatu, Europako beste herrialdeekin komunikazioa hobetu edo Administrazioek gazteen itzulera errazteko aurreikusten dituzten egoerak garatzeko bezalako ekarpenekin

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urtarrilaren 21a. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak gazteen mugikortasun eta itzulera politiken gaineko ekarpenak aurkeztu ditu, politikariek, teknikariek eta gazteek egindakoak. Orain zabaltzen den hamar orrialdeko txostena 2015eko azaroaren 6an antolatu zen jardunaldi baten emaitza da; egun horretan Gasteizko UPV/EHUn 25 pertsona baino gehiago elkartu ziren: Izaskun Bilbao europarlamentaria, Eusko legebiltzarkideak, Arabako Batzar Nagusietako eta Gasteizko Udaleko ordezkariak, teknikariak eta gazteak.

Topaketan ‘hiru-buru’ formatua jarraitu zen, hau da, politikariak, teknikariak eta gazteak maila berean elkartu ziren eta azken hauek zuzenean galderak egin eta eztabaidatzeko aukera izan zuten. Helburua Europan egiten diren politikak hobetzea izan zen eta galdera hauen erantzuna bilatu zen: “Zer mugikortasun aukerak dituzte gazteek Europan? Zein da Europara lan egitera joan diren gazteen lan egoera? Prekarietatean bizi al dira? Zer egin behar dute itzuli nahi duten gazteek?”

Txosten osoa kontsulta dezakezu PDFan klik eginez

pdf

Mugikortasuna eta itzulera

Parte-hartzaileek mugikortasun kontzeptuaren inguruan eztabaidatu zuten eta aukera edo beharra den hitz egitean, denek aho batez erabaki libre bat izan beharko litzatekeela adostu zuten. Kanpora joaten diren gazteen kopurua erroldan oinarritzen da, baina pertsona askok euren egoera jakitera ematen ez dutenez, datuak estimazioak dira eta argi dagoen bakarra igotzen ari dela da.

Gazteek informazio falta dagoela azpimarratu zuten, baita mota askotako esperientziak eman daitezkeela eta aukera berdintasuna urratzen dela. Parte-hartzaileek ere esan zuten ezberdintasunak ematen direla hezkuntza edo enplegu helburu duten mugikortasunen artean. Luze hitz egin eta gero, hainbat proposamen egin zituzten: gazteen mugikortasunaren diagnostiko kualitatibo bat prestatzea, kanpora joan aurretik kontsulta egiteko protokoloa idaztea eta herrialdera iristean harrera egingo duten pertsona edo taldeak garatzea.

Politikariek, teknikariek eta gazteek itzulera politiken gainean ere eztabaidatu eta hau laguntzeko estrategia baten beharra ikusi zuten: dagoen informazio guztia bateratu eta beste pertsonek jasotako bizipenari zabalpena emanez. Parte-hartzaileek estrategia bat garatzeko ideien zerrenda osatu zuten: informazioa eskuratzeko ikerketak bultzatu, Europako beste herrialdeekin komunikazioa hobetu, Euskadiko 8/1994 Legea betearazteko protokoloa garatu itzuleran galtzen diren eskubideak berreskuratzeko eta Lanbidek aurreikusten duen “itzuli nahi duen emigrantea” egoera garatzea, besteak beste.

Txosten honetan jasotzen diren ondorioek, hiru bide hartuko dute:
– EGK-k bere diskurtsoan jasoko ditu.
– Parte-hartu duten politikariei, bakoitzaren esparruan, hauek nola bideratu edo gauzatu daitezkeen eskatuko zaie.
– Consejo de la Juventud de España eta Europako Parlamentuak Madrilen duen Informazio Bulegora bidaliko dira.

EGK-k Hiruburu formatua erabiltzen duen laugarren aldia da, 2014an enplegua, etxebizitza eta proiektu autogestionatuei buruz eztabaidatzeko egin zirenen ondoren. 2016an ere horrelako gehiago antolatzea aurreikusten da.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.