Gazte askorentzat ezinezkoa da modu duin batean emantzipatzea. Krisi ezberdinak pairatzea, lan prekarietateak, alokairuen eta behar basikoen igoerak daude arazo honen atzean besteak beste.
Lan ordaindu bat izateak behar basiko horiek mantendu ahal izateko sostengua lortzeko bidea da gehienetan, eta izan ere lan bat izateak eta lan egiteak pertsonon eskubideen artean dago. Gaur egun gazteon prekarietateak egoera orokortu eta onartua da, emantzipazioa zailtzeaz aparte, bizitzako esparru guztietan eragin zuzena du, baita gazteon osasunean ere bai.
Prekaritateak sortzen duen ezegonkortasunak osasun mentalean eragin zuzena dauka, arazo psikosozialak eragiten nahiz eta hauek oraindik ez diren lan gaixotasun bezala kontutan hartzen. Lan gaixotasun bezala kontutan hartzeko lista murritza bada ere, urtetik urtera hainbat dira holakoak pairatzen dituzten gazteak, eta are gehiago lan istripuak dituztenek.
Egoera hau izanda, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK), Emantzipa…Zer? lantaldeak eta EGKtik kanpo atxiki diren Pastoral Obrera eta Emigrados Sin Fronteras elkartearekin batera, beste urte batez, apirilak 28an Lan Osasunaren Nazioarteko egunean ondorengo manifestua plazaratu nahi da.
Azkenengo datuen arabera, 2021. urtean 93 gaztek izan zituzten lan gaixotasunen bat (57 gizon gazte eta 36 emakume gazte) eta 2020. urtean 16 eta 30 urte arteko 4252 gazte jasan zituzten lan istripuak.
Egoera ezaguna bada ere, ezinbestekoa da datu gaurkotuak izatea, baita adinaren eta generoaren arabera sailkatuta egotea ere, egoera erreala ezagutzeko eta egoerari aurre egiteko diseinatzen diren politika publikoak zein plan ezberdinak ahalik eta gehien egokitzeko honetara.
Beharezkoa da ere, androzentrismoa alde batera uztea eta Lan Istripuen Prenbetzioan genero perspektiba txertatzea. Lan egiteko esparruak osasuntsuak, seguruak eta jasangarriak izateko pertsona guztientzat.
Gazteen prekaritatea noiz arte?
Lanpostuetan sortutako osasun galerak islatzeko hainbat datu ezagutarazi nahi ditugu, baita hauen gaurkotzearen beharra aldarrikatu ere, adina eta generoaren arabera sailkatuta, urtetik urtera eguneraturik gabeko datuak kontuan hartu behar direlako. 2020. urtean 16 eta 34 urte bitarteko gazteek Euskadin izandako lan istripuak: 6.548 arin, 35 larri eta 6 heriotza izan ziren. 16 eta 30 urte bitartean 4.252 gazte izan ziren (3.080 gizon eta 1.172 emakume). 2022. urtean EGK-k behin aktibatu behar izan zuen Lan Istripuen Protokoloa, langile gaztearen heriotzagatik. 2023. urteko lehenengo hiruhilekoan ere behin aktibatu izan da, langile gazte baten lan istripua dela eta.
Ezin ditugu ahaztu ezta oharkabean utzi gaixotasun profesional bat jasaten duten gazteak, haien bizitza pixkana-pixkanaka txikituta ikusten dutelako. Errealitate hau oso larria dela uste dugu, izan ere, haien ibilbide profesionala hasi besterik ez da egin. 2021. urtean, esan bezala, 93 izan ziren lan gaixotasuna pairatu zuten gazteek. Beste behin ere gogoratu nahi dugu, existitzen den gaixotasun profesionalen azpi-erregistroa. Izan ere, mutuek kontingentzia arrunten moduan tratatu eta Osakidetzara bideratzen dituzte. Beraz, datu ofizialak baino gehiago izango lirateke.
Gainera, datu hauetatik kanpo geratzen dira gazte asko, kontraturik gabe, langabezian, enplegu bilaketan edo aitorturik gabeko lanetan daudelarik pairatzen dituztelako istripuak edo egoera hauekin loturiko gaixotasunak. Emakumeen kasuan egoera hau are larriagoa da.
Hemen irakurri dezakezu manifestua bere osotasunean. Lan Osasunaren nazioarteko eguna 2023.
*Manifestu honetara Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK), Pastoral Obrera eta Emigrados Sin Fronteras elkarteak atxikitu dira. Ekarpenak egiteko edo bestelakorik gehitu nahi baduzu zein zalantzarik izatekotan, idatzi bizibaldintzak@egk.eus emailera edo deitu 945220601 / 68873715 (Oihana) telefonoetara.