Gazteriaren egoera inoiz erraza izan ez bada ere, azken hamarkadetan eta batez ere azken urteetan egindako erreformek eta ezarritako neurriek pertsona gazteei eragiten dien prekarietatea areagotu dute. Hala ere, hainbat kasutan, administrazioak ez dira ohartzen eurek martxan jarritako neurriekin sortzen duten egoeraz eta, maiz, lanpostuen kopurua lehenesten dute kalitatearen aldeko apustua egin beharrean, prekarietatea bigarren mailako arazotzat hartuz. Hori dela eta abiatu da administrazioei eta gazteriari bideratutako azterlan hau, Euskadiko gazteak kontratatzeko eta ez kontratatzeko salbuespenezko moduei buruzko azterlana. Era honetan, Euskadiko pertsona gazteei buruzko datu guztiak batu ditu, zenbat dauden kontratatzeko salbuespenezko moduen pean (praktiketako eta formakuntza kontratuak) eta zenbat ez kontratatzekoen pean (bekak, lanekoak ez diren praktikak, etab. ). Azken hauek pertsona gazteen eskubide sozioekonomikoen murrizketaren adibide dira.. Azterlana hiru ataletan banatzen da.
Hiru ataleko txostena
Txostena hiru ataletan banatua dago:
Lehenik, praktiketako kontratuak eta formakuntza kontratuak zertan datzan azaltzen da era laburrean; eta, jarraian, modalitate hauen pean kontratatuak izan diren Euskadiko pertsona gazteen bilakaera egiten da 2008, 2011, 2015 eta 2016ko abuztua (azken datu eskuragarriak) aztertuz.
Bigarrenik, ez kontratatzeko salbuespeneko moduei buruzko azalpen laburra ematen da, esaterako lanekoak ez diren praktikak edo bekak. Era berean, zabaldutako inkesta eta honetatik lortutako emaitzak azaltzen dira. Kasu honetan ezinezkoa izan da modalitate hauen pean kontratatuta dauden gazteen kopuruari buruzko datuak lortzea, eta, hori dela-eta, analisi kualitatiboa egin da. Guztira lanekoak ez diren praktikak egin dituzten 30 pertsona gaztek parte hartu dute eta, besteak beste, honakoak planteatu zitzaizkien: ordainsaririk jaso zuten, satisfazio maila, laneko arriskuen prebentzioan formakuntzarik jaso zuten edo horrelako neurriak diru publikoarekin diruz laguntzea zuzena den uste zuten ala ez.
Azkenik, hobetze proposamenak azaltzen dira. Txosten honetatik ateratako ondorioak batik bat EGK-k bere diskurtsoan txerta ditzan erabiliko dira, eta, nola ez, kargu politikoei eta hainbat administraziori pertsona gazteen enplegu egoera hobetzeko hartzen dituzten neurrien diseinu eta abiatzerakoan kontuan izan ditzaten eskatzeko.
Proposamenen artean azaltzen dira, besteak beste, ez kontratatzeko salbuespenezko moduen pean zenbat pertsona dauden ikertzea, abusu kasuak eman ez daitezen kontrolatu eta ikuskatzea, praktiken gainbegiraleak ahalduntzea edo pertsona gazteak laneko arriskuen prebentzioaz informatzea.
Hemen duzu txostena bere osotasunean