Jai eredua aztergai Noctambul@s-ekin irailaren 22an. Estudio del modelo festivo con Noctambul@s el 22 de septiembre - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

9 September, 2020

Jai eredua aztergai Noctambul@s-ekin irailaren 22an

  • Bartzelonako elkarteak eredu hegemonikoa zalantzan jarri eta gure beharrei erantzuten dien eredua bilatzen lagunduko digu

  • Saio birtuala egingo dugu FESTAK: gure espazioa birpentsa proiektuari jarraipena emateko. Eman izena hemen!

Festa hitza aipatzean aisialdia, dibertsioa, parranda eta bestelakoak bururatzen zaizkizu? Hala izan beharko luke, baina zoritxarrez ez da horrela guztiontzat. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) bidegabekoa dela uste dugu, emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala lortzeko sekulako oztopoa. Horrekin amaitu nahi dugu, ezberdintasun horren oinarrira joz. Horretarako datorren irailaren 22an, asteartea, saio birtuala antolatu dugu 18etan Noctambul@s elkartearen laguntzarekin. Eman izena hemen!

Herri-festek indar handia dute eta hauek antolatzeko taldeek, ekintza kolektiboak diren neurrian, gizartean eman diren eta ematen diren aldaketak islatzen dituzte. Zein dira hauek? 2019an hasi ginen eremu hau ikertzen hainbat herritan egindako eztabaida-taldeekin: gazteok festak nola bizi ditugun hausnartzeko, sortzen diren desberdintasun eta gatazkak identifikatzeko eta denon artean irtenbideak bilatzeko. Horixe baita funtsean asmoa, festak birpentsatzea eta eredu berriak sortzea denon plazererako espazioak izan daitezen. Feministak eta erasorik gabeko guneak.

Online saioa irailak 22an

Berdintasun protokoloa indarrean jarri genuenetik maiz aktibatu izan dugu Indarkeria Matxistaren aurkakoa, are gehiago udako jaien bueltan. Horregatik egin genuen 2017an ‘Indarkeria Matxistari #GukEzetz! kanpaina’. Orain, 2019an hasitako hausnarketa sakondu eta pausu bat haratago joan nahi dugu. Festa eredu hegemonikoa zalantzan jarri eta modu autokritikoan gure beharrei erantzuten dien eredua bilatu.

COVID-19ak zaildu egin du honekin aurrera jarraitzeko bidea, baina jaiak egon ez diren udara honetan, garrantzitsua iruditzen zaigu espazio hau aztertu eta emakumeok bertan dugun papera zein den aztertzea: zein partaidetza dugu? Zein botere harreman sortzen dira?

  • Noiz: irailak 22, 18etan
  • Zer: Festak birpentsatzeko eta eredu berriak sortzeko saio birtuala Noctambul@s elkartearen laguntzarekin
  • Izen-ematea: https://forms.gle/zyDtux7tBUVyT2jV8

Emakume izateagatik emakume orok jasandako erasoa. Horixe da Indarkeria Matxistatzat duguna eta kasu ororen aurrean diogu #GukEzetz, posizionamendu argi eta publikoaren bitartez soilik lortuko dugulako emakume eta gizonen arteko berdintasun errealean oinarritutako gizartea.

Ekitaldiari edo proiektuari buruz informazio gehiago nahi izanez gero, ez izan zalantzarik eta idatz iezaguzu berdintasuna@egk.eus helbidera edo deitu 944436143 / 615749929 (Irati) zenbakira.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.