14 April, 2026

IZATEA SARIAK: EUSKADIKO GAZTERIAREN LEHEN SARIETARAKO HAUTAGAITZAK AURKEZTEKO DEIALDIA ZABALIK

Gure 40. urteurrena dela eta, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) bereizgarri berri bat abian jarri du, gazte-eremuan egindako ibilbidea, berrikuntza eta instituzioen lana saritzeko helburuarekin.

IZATEA SARIAK izenpean, Euskadiko gazteriaren funtsa eta “izatea” balioetsi nahi duten sariak jaio dira. Sari hauek ez dituzte emaitza hutsak ospatzen; pertsonek, taldeek eta erakundeek Euskadiko gazteen garapen integralean egiten duten ekarpena modu formalean aitortzea dute xede.

Kategoriak: Gazteriaren inpaktua ulertzeko hiru ardatz

Sariak hiru kategoriatan banatzen dira, gazteriaren aniztasuna eta indarra islatzeko asmoz:

  • Gazte Ibilbidea: Gazte mugimendu eta elkarteei zuzendua; haien konpromiso sendoa eta gazteen beharretara egokitzeko zein eragiteko gaitasuna saritzeko.
  • Proiektu Berritzailea: Berrikuntzagatik edota garapen ekonomiko, sozial, kultural edo teknologikoari egindako ekarpenagatik nabarmentzen diren ekimen zehatzak aitortzeko.
  • Konpromezu instituzionala: Gazteria politika publikoen diseinu eta kudeaketa eraginkorrean jardun duten eta sektorean ibilbide kontrastatua duten pertsonentzat.

Prozesu parte-hartzailea eta gardena

Edozein pertsona edo erakundek aurkeztu ditzake hautagaitzak kategoria desberdinetarako maiatzaren 31ra arte, galdetegi baten bidez edo dokumentazioa partehartze@egk.eus helbidera bidaliz.

Hautagaitzak jaso ondoren, aditu-batzorde bat arduratuko da azken hautaketaz. Sari-banaketa 2026ko urriaren 22an izango da, EGKren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusiaren barruan.

Informazio gehiago nahi baldin baduzue, deitu 944436143 / 688676099  (Aitor) telefonora edo idatzi partehartze@egk.eus helbidera.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.