Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, 2017an Mugarik Gabeko Aniztasuna gida argitaratu zuen Aniztasun Funtzionalaren gaia gizarteratzeko eta hezkuntza ez-formalean aritzen diren hezitzaileei baliabideak eskaintzeko. Gida hau Aniztasun Funtzionala duten pertsonekin lan egiten duten eragileekin batera sortu da: APDEMA, APNABI. Autismo Bizkaia, ASPACE Bizkaia, ASPACE Gipuzkoa, Atzegi, Bizkaiko Urtxintxa Eskola, EDEKA., Euskal Gorrak Gazteak, Euskal Herriko Down Sindromearen eta bestelako Adimen Urritasunen Fundazioa, FEVAPAS, FEVAS. Plena inclusión Euskadi, Gautena, Gorabide eta Juventudes de Unidad Progresista de la ONCE elkarteak. Eragile hauekin izandako elkarrizketek gaur egungo errealitatera hurbiltzea, erronkak ezagutzea eta astialdiak arlo honetan duen garrantzia eta egitekoa aztertzea baimendu dute.
Zer eskaintzen du gidak? Batetik, gaian murgiltzeko marko teoriko bat; eta, bestetik, egunerokotasunean baliagarriak diren gomendioak jasotzen dituen atal praktikoa, Aniztasun Funtzionala duten pertsonekin hitz egiterakoan kontutan izan beharko genituzkeenak. Hezitzaileen paperaren garrantzia ezagututa, bere egunerokotasunari ere atal berezia eskaini zaio. Egoera berrien aurrean beharrezkoak diren gaitasunak aipatuz eta egoera bakoitzak eskatzen dituen beharrei erantzuteko horiek nola kudeatu azalduz.
Guzti honetaz gain, gaia modu erakargarrian lantzeko hainbat baliabide nabarmendu dira gidaren amaieran (dokumentalak, film laburrak, liburuak…) eta baita arloko elkarteen direktorioa ere.
Oinarria astialdian lan egiten duten begirale eta hezitzaile ezberdinentzako baliabide gisa pentsatua badago ere, hezkuntza arloko edozein hezitzailerentzako material aproposa da, esku-hartze egoki baterako baliagarria.
Zer iruditu zaizu? Baliagarria izan zaizu? Edozein zalantza, iradokizun, iruzkin edo bestelakorik izanez gero idatz iezaguzu partehartze@egk.org edo hezkuntza@egk.org helbide elektronikoetara eta ahalik eta azkarren jarriko gara zurekin harremanetan. Bestela badakizu gure bulegoetara hurbiltzeko aukera badaukazula ere, hemen helbideak.