-
Genero-perspektiba txertatzea beharrezkoa da segregazio horizontala eta soldata arrakalarekin amaitzeko
-
Lanpostuen sorrera errazteko neurri hauetan kontu izan behar da prekaritatea ez areagotzeko
Aldi berean ikasten eta lanean aritzea gogorra da eta esfortzu handia eskatzen du. Are gehiago etxetik batera edo bestera (edo bietara joateko) kilometroak egin behar badira. Egunero, gainera. Horrek dakartzan gastuekin. Egoera honekin antzekotasunak ditu Formakuntza Dualak, prestakuntza-aldiak heziketa-zentroan eta enpresan edo erakundean txandakatzen dituen hezkuntza-jarduerak. Horregatik, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) gazteon bizitza-proiektuetan duen eragina aztertu nahi izan dugu Formakuntza Duala Hobeto Ezagutzen txostenaren bitartez.
2018an hasitako bidean sakondu dugu hainbat eztabaida-talde eta galdetegi batekin. Lehenak Lanbide Heziketako ikastetxeetan egin ditugu eta bigarrena webgunean eskegi eta sare eta email bidez zabaldu dugu. Eta bertatik diagnosi oso interesgarria atera da. Eusko Jaurlaritzaren Lanbide Heziketako web orrialde ofizialean adierazten den bezala, gaur egun 2.600 ikasle baino gehiagok parte hartzen du ikasketa modalitate honetan.
Formakuntza Dualaren diagnosia
Gazteen lan-merkaturatzea erraztea bilatzeko, betiere kalitatezko enpleguak sustatuz eta langileen gaitasun eta kualifikazioari lehentasuna emanez, bi modalitate eskaintzen dira: lan kontratua (hiru gaztetik bi eredu honetan daude) edo beka. Lan kontratua egiteko adin muga urteko langabezia-tasaren arabera zehazten da: %15a baino txikiagoa denean, adina 25 urtetan ezartzen da, eta handiagoa denean 30 urtean. Kasu honetan bekak eskaintza zabaltzea du helburu, nahiz eta txostenean nabarmentzen den bezala beste erronka batzuk ere sortzen dituen.
Era berean, industrian gehien ematen denez gizon gehiago daude, zehazki %70. Emakumeak zerbitzuen arloan egin ohi dute Formakuntza Duala, batik bat osasun edo administrazioan. Gaitasun errealak jasotzeko eta lan munduan sartzeko zein hau ezagutzeko formakuntza-eredu egokia denez, ateak ixtea ez da bidezkoa.
Larritzeko modukoa da Formakuntza Dualeko praktikak egin ostean enpresan lanean geratu direnen erdiak ez dakiela zein kontratu mota sinatu duen. Batetik, formakuntza falta adierazten du; eta, bestetik, enpresen aldetik informazio nahikoa eskaintzen zaien zalantzan geratzen da. Azkenik, hirutik bat praktiketako kontratuarekin dago, prekaritateari aurre egiteko lehenengo pausua kontsideratzen bada helburua lortzen ez duen eskaintza.
Hobetzeko proposamen, eskari eta aldarrikapenak
Formakuntza Duala gero eta gehiago zabaltzen ari den formakuntza eredua denez, garrantzitsua da indarguneak eta ahulguneak identifikatzea eta bigarrenei aurre neurriak hartzea:
- Soldatak: Ohikoena 500 eta 750 euro bitartean. Zifra goraka doan heinean emakumeen ehunekoa txikiagoa da. Ildo beretik, bekaren bitartez ez dago langabeziako prestakuntza ekonomikoa jasotzeko aukera.
- Ordutegia: Formakuntza Dualean aritzen diren ikasleak ikasten eta lanean daude aldi berean, honek denbora asko eskatzen duelarik. Batzuetan eskolako eta enpresako ordutegiak gainjartzen dira eta, ondorioz, klasean emandako teoria galtzen dute Formakuntza Dualean ari diren ikasleek. Gero azterketetan, ordea, berdina egin behar dute. Era berean, batetik bestera presaka ibili behar dira eta sartu beharreko ordu kopuruak kontziliazioa zailtzen du. Horregatik praktika aldiak eta ikasketa zentroetako ordutegiak bateragarriak izatea eta haien artean ez gainjartzea.
- Jarraipena: integrala izan behar da, ikastetxe eta enpresaren arteko koordinazio hobearekin, desadostasunak eta gaizki-ulertuak ekiditeko. Horretarako tresnak eta epeak ezarri behar dira, asmoan ez geratzeko. Era berean, eskakizun eta baldintzak ikasleen egoerara moldatzea eta euren egoera kontuan izatea.
- Praktika eremuan egin beharreko funtzioak: oso informazio gutxi jasotzen dela salatu dute gazteek, asko gainera gertatu ahala azaldu diete. Horren ondorioz, askotan ikasle modura tratatuak izaten dira, soberakinak edo gauza sinpleenak bakarrik eginez.
- Enpresak: Enpresetako arduradunek Formakuntza Dualari buruz oso informazio gutxi dutela adierazi dute eta, ondorioz, praktikak ez dira beti modu onenean egokitzen.
- Genero-perspektiba: Formakuntza Duala batik bat industrian eta sektore maskulinizatuetan ematen da. Ondorioz emakumeak eta bestelako kolektiboak diskriminatuak geratzen dira. Lan segregazio horizontalari aurre egiteko neurriak behar dira feminizatuak diren sektore horiei lan munduan sartzeko erraztasun berdinak eskaintzeko.
- Beken erabilera: Ikasketa batzuetan (pertzepziozkoak, esaterako) ezin da lan kontratua egin titulua eduki gabe. Horietan beka eskaintzen proposatzen da, beti ere lan baldintzak eta eskubideak bermatuz. Izan ere, beken bitartez, besteak beste, ezin da langabezia prestutasunerako kotizatu.
Jasotako ekarpen eta ondorioez gain azpimarratzekoa da gazteak eta prozesuan aritzen direnak entzunak izatea eta haien ikuspuntuak kontuan hartzearen garrantzia egoeraren ahulguneak hobeto identifikatu eta hauei aurre egiteko mekanismoak garatzeko.
EGK-k eskerrak eman nahi dizkio inkestak bete dituzten gazte guztiei, eta eztabaida-taldeak sortzen lagundu duten arduradunei, hauetan parte hartu duten gazte guztiei eta baita arrazoi ezberdinengatik parte hartu ezin izan dutenei ere. Hurrengo urteari begira elkarlanean jarraitzea eta harreman berriak egitea espero da, pil-pilean dagoen gai honen gainean jarraitzeko asmotan.
Informazio gehiago, dudarik edota ekarpenik izatekotan: bizibaldintzak@egk.eus emailera idatzi dezakezu edo 945 22 06 01 (Oihana) telefonora deitu.