Indarkeria Matxistari… #GukEzetz! kanpaina aurkeztu dugu Donostiako Indarkeria Matxista nerabezaroan jardunaldian - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

26 October, 2017

EGK-k ‘Indarkeria Matxistari… #GukEzetz!’ kanpaina aurkeztu du ‘Indarkeria Matxista nerabezaroan’ jardunaldian

Atzo, urriak 25, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) ‘Indarkeria Matxista Nerabezaroan. Nola bizi dute eta aurre egiteko baliabideak’ izenpean Donostiko Udalak San Telmo museoan burutu zuen jardunaldian ‘Indarkeria Matxistari… #GukEzetz!’ kanpaina aurkeztu zuen esku-hartze eredu desberdin gisa.

Jardunaldiaren helburua nerabe eta gazteok bizi dugun Indarkeria Matxistaren errealitatea era sakonean ezagutu eta horretarako beharrezkoak diren zerbitzu eta programen inguruko hausnarketa bultzatzea zen. Azken helburu honetarako abiapuntua zen jada martxan dauden ekimen desberdinak ezagutzera ematea eta eredu berriak sortze aldera eztabaida bat burutzea; testuinguru honetan aurkeztu zuen EGK-k ‘Indarkeria Matxistari… #GukEzetz!’ kanpaina.

Kanpainaren sorrera

2016an EGK-k Berdintasun lan-arloa berreskuratu eta Indarkeria Matxista publikoki salatzeko protokoloa martxan jartzen zuen, beste hainbat proiekturekin batera. Urtebeteko epean, protokoloa 70 aldiz aktibatu zen. Hau gutxi balitz, Euskal Gazteen Behatokiaren datuen arabera, emakume gazteon aurkako indarkeria tasa globala 7,5koa da, 30 urtetik gora dituzten emakumeen tasaren bikoitza baino gehiago.

Egoera honi erantzuteko nahi eta beharra da Indarkeria Matxistari #GukEzetz! kanpainaren abiapuntua. Pairatzen dutenen ahotsekin ez da nahikoa, Indarkeria Matxista gizarte arazo bat da eta honi errefusa guztiok erakutsi behar diogu: administrazio, elkarte, talde, gazteok… #GukEzetz!

Indarkeria Matxista kontzeptua kolpeetatik eta bikotetik haratago definitzeko, gazteon arazoaz gazteokin ere hitz egiteko, honi aurre egiteko proposamen berriak jasotzeko eta, batez ere, gizarte arazo honen aurrean ahobetezko ezetza adierazteko egin genuen kanpaina hau.

Gazte eta eragileon ekarpenak

Kanpainaren proposamenen azterketa eginez, hiru ondorio argi atera daitezke:

  • Indarkeria Matxista bikote testuinguruan ematen den indarkeriatik eta indarkeria fisikotik askoz haratago doa.
  • Administraziorik garrantzitsuenetik hasi eta azken hiritar eta gazterainoko inplikazioa eskatzen duen arazoa da.
  • Lanean jarraitzea eta Berdintasunean oinarritutako gizartea helburu positibo gisa.

Etorkizunari begira

Jardunaldiak argi eta garbi utzi du oraindik ere nerabe nahiz gazteekin hainbat erronka daudela. Garrantzizkoa dela egun dauden programa eta proiektuak indartzea baina, bereziki, hauek ere berriz diseinatzea ikerketek azaleratzen dituzten errealitateei egokitzeko eta Berdintasuna benetan errealitate egin ahal izateko.

Bide honetan EGK bidelagun eta aholkularitzarako eragile bezala aurkeztu da; gazteok lehen pertsonan eraikitzen ditugun proposamen eta adierazten ditugun beharren berri emateko baliabide bat gehiago izanik, baita emakume eta gizonen arteko Berdintasunari dagokion arlo honetan ere.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.