Azken urteetan pausuak eman dira eta bide horretatik jarraitu behar da berdintasun erreala lortzeko. Izan ere, oraindik ez da emakumeen eta gizonen arteko berdintasun osoa eta integrala lortu. COVID-19ak eta honen ondorioek aurrez estrukturalak ziren hainbat arazo nabarmendu dituzte: Indarkeria Matxista, soldata baxuagoak, lanaldi partzial gehiago, emantzipatzeko oztopo handiagoak, segregazio horizontala zein bertikala… Horregatik da hain garrantzitsua genero-ikuspegia zeharkako balore bezala txertatzea politika guztietan, baita etxebizitza gaian ere.
Berrogeialdiak etxeari buruzko hainbat hausnarketa ekarri ditu: metro karratuak, balkoiaren garrantzia, distribuzioa, espazioen diseinua, zein diren lehentasunak… Gai oso zabala izanik, genero-ikuspegiarekin aztertzerakoan hainbat modu daude. EGKtik bi izan ditugu abiapuntu: batetik, familia ereduak eta hauek etxebizitzaren egituran duten eragina; bestetik, ea etxebizitza espazioak seguruak diren emakume gazteentzat.
Etxebizitzak familia eredu tradizionaletik at
Inguruan dugun edozein etxebizitza aztertuz gero ia denak oinarri androzentriko eta patriarkalak jarraituz eratu direla ikusiko dugu. Zergatia? Familia eredu tradizionalarentzat egindakoak zirelako. Gizartea aldatzen doan heinean berau osatzen dutenen beharrak ere moldatuz doaz, baita familia ereduak ere. Ildo honetan, oso interesgarriak dira Zaida Muxi arkitektoak egindako azterketak edo liburuak (bat aipatzearren Mujeres, casas y ciudades.: Más allá del umbral). Azken urteotan arkitekturatik gaia asko landu da eta etxebizitza kolaboratibo komunitarioak, belaunaldi arte cohousing-ak… garatu dira. Gertutik gehiago jakiteko arkitektura fakultateko irakasle eta ikasleekin harremanetan gabiltza horiek gazteriarengan proiektatu daitezkeen jakiteko. Kuriositatea piztu bazaizu, hemen daukazu ZAK taldearen webgunea.
Bestetik, etxeen espazioen distribuzioaren eta honek sortzen duen hierarkia aztertzea garrantzitsua da. Segurtasunaren ikuspegitik, familia barnean sortzen dituen rol eta jokabideak kontuan izanda edo pribatutasuna bermatzen den aztertuta.
Udako oporren ostean proiektuko xehetasun guztiak kontatuko dizkizuegu. Esandakoaz gain besterik kontuan izan behar dugula uste baduzu edo gehiago jakin nahi baduzu idatzi etxebizitza@egk.eus / berdintasuna@egk.eus helbideetara.