Gazteon osasuna bizitzaren erdian jarri! Apirilak 28 manifestua
Urte bat baino gehiago daramagu COVID-19aren ondorioz sortutako krisian murgilduta. Krisi hau gizartearen esparru guztietan eragina izan duelarik eta honi aurre egiteko hartutako neurriak memento oro aldatzen joan direlarik.
Egunerokotasunean ohikoak ziren ekintza batzuk debekatu egin dira, beste batzuk moldatu edo egokitu dira. Lan esparruari dagokionez, produktibitatea bizitzaren erdian jarrita beharrezkotzat hartu da eta mantendu egin da, baita bizia geldi zegoenean ere. Segurtasun arauak zalantzan jarrita askotan.
Gainera hauek ez dira nahikoak izan gazteok luzez bizi ditugun prekaritate egoerei buelta emateko, aldiz, baldintza kaskar hauek okertu egin dira. Horregatik, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) Emantzipa…zer? lantaldetik eta atxiki diren 6 elkartetatik ondorengo manifestua plazaratu nahi du beste urte batez ere gaur, apirilak 28, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean.
Enpleguan izan duen eragina izugarria izan da; ERTE partzialak zein totalak, lanpostua galdu duen langile kopuru handia, lanaldia murriztua ikusi dutenak, itxi behar izan dituzten enpresa eta negozio txiki asko… eta egon diren kutsapen guztiak ere. Kasu hauek lan gaixotasun bezala kontuan hartuak izan dira, nahiz eta datu zehatzak ez dauden, izan ere kasu askotan ezin da jakin zehaztasunez non gertatu izan den kutsaketa. Lan osasuna (fisikoa zein mentala) zaintzeko eta bermatzeko neurri gehiago hartu behar dira. Ezin delako ahaztu egoera honen ondorioz emozionalki eta psikikoki sortzen diren eragozpenak.
Datu eguneratuen beharra
Egora hau ez da berria. EGKtik denbora luzez daramagu publikoa egiten eta prekaritatearekin amaitzeko aldarrikatzen baita neurri zehatzak eskatzen. Administrazioek ezarritako helburuak lor ditzaten, ezinbestekoa da datuak gaurkotzea. Diagnostikatutako errealitatea benetan zehatza eta gaurkotua izateko.
Edozein datu izanda, interesgarria da ere adinaka, generoka eta lurraldeka ezberdinduta izatea, ahalik eta informazio gehien izatea administraziotatik diseinatutako politika publikoekin arazoari irtenbidea emateko. Izan ere lan osasunean eta arriskuen prebentzioan emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala ez da lortu oraindik. Ildo horretan datu bilketa eta erakusketa homogenizatzea eskatzen dugu, besteak beste adin tarte berdinak ezarriz informazio guztietan, datu base ezberdinak bateratuz.
Prekaritatea noiz arte?
Lanpostuetan edo enpleguaren erruagatik sortutako osasun galera hauek islatzeko hainbat datu ezagutarazi nahi ditugu, besteak beste 16 eta 24 urte bitarteko gazteek 2018an zehar izandako lan istripuak Euskadin: 1.711arin (1.351 gizon eta 360 emakume), 12 larri (12 gizon) eta heriotza bat ere ez. Zoritxarrez, azken urteetan bezala, eguneratu gabeko datuekin lan egin behar dugu, 2020ko datuak ez baitaude eskuragarri oraindik.
Hala ere, 2020an EGK-k 7 aldiz aktibatu behar izan zuen Lan Istripuen Protokoloa, horietariko kasu guztietan langile gazteen heriotzagatik izan zen. Zifrak urtero txarragoak direlaren seinale.
Bestetik, ezin ditugu ahaztu ezta oharkabean utzi gaixotasun profesional bat jasaten duten gazteak, haien bizitza pixkana-pixkanaka txikituta ikusten dutelako. Errealitate hau oso larria dela uste dugu, izan ere, haien ibilbide profesionala hasi besterik ez da egin. Eustaten arabera 2018an 136 pertsona gaztek gaixotasun profesional bat izan zuten, horietatik: 67 gizon eta 69 emakume. Hala ere, kontuan izan behar dugu gaixotasun profesionalen azpi-erregistro bat existitzen dela. Izan ere, mutuek kontingentzia arrunten moduan tratatu eta Osakidetzara bideratzen dituzte. Beraz, datu ofizialak baino gehiago izango lirateke.
Gainera, datu hauetatik kanpo geratzen dira gazte asko, kontraturik gabe, langabezian, enplegu bilaketan edo aitorturik gabeko lanetan daudelarik pairatzen dituztelako istripuak edo egoera hauekin loturiko gaixotasunak. Emakumeen kasuan egoera hau are larriagoa da.
Irakur ezazu manifestua bere osotasunean hemen
Lan osasunaren nazioarteko eguna 2021
*Manifestu honetara Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK), CCOO Euskadi, LSB-USO, LAB sindikatua, EKO-ACG, Rebeldia eta Pastoral Obrera – Lan Mundua.