EGKren jarduna hainbat lan-arlotan banatzen da. Lan-arlo horien artean dago Berdintasun lan-arloa, eta horren baitan, GAUR8 lantaldea, zeina Berdintasun lan-arloko diskurtsoak sortzen dituen espazioa den. Taldean aurrera eramandako hausnarketa eta eztabaiden bidez, feminismoaren gai ezberdinen inguruko diskurtsoa sortzea du helburu talde motor horrek, eta urtean zehar egingo diren proiektuen diseinuan ere funtsezko papera betetzen dute espazio horretatik eratorri daitezkeen ideiek.
GAUR8 handitu nahi dugu, horregatik, elkarretaratze hau antolatu dugu. Taldea handitzearekin batera, taldeko partaideen arteko amarauna sortu nahi dugu eta horrela talde-izaera sustatu eta egonkortu. Feminismoari buruz irakurtzen ditugunak eta aurretik ditugun hausnarketak partekatzeko abagunea eskainiko digu espazio honek.
Taldearen funtzionamenduari dagokionez, aurrez aurreko bilera zein bilera telematikoen bitartez elkartzen gara. Bilera horiek, funtzio ezberdinak bete ditzakete: alde batetik, diskurtsoak sortu eta horiek aurrera eraman ahal izateko, liburuak zein testu ezberdinak irakurtzen ditugu, ondoren gure artean horietatik ateratako ideiei buruz mintzatzeko eta ondorio amankomunak ateratzeko. Liburuen egileekin ere elkartu izan gara, beraiekin liburuari buruz hitz egiteko aukera sortuz; bestalde, berariazko proiektuak sortzeko ideiak azaleratzeko aukera ere ematen du GAUR8k, jakin-mina sortzen diguten gaiak jorratzeko, ekitaldiak proposatzeko eta horiek gazterian sozializatzeko.
Horregatik guztiagatik, Otsailaren 9an egin dugu urteko lehen bilerarako deialdia. Elkar ezagutzea ahalbidetzearekin batera eta lotura politak sortzeko aukera eskaintzearekin batera, urte osoan zeharreko plangintzari buruz hitz egingo dugu, feminismo arloko gaiei buruz interesatzen zaiguna plazaratuz eta brain storming baten bitartez, ikasturtean zehar burutu ditzakegun ekintza eta proiektuak planteatuko ditugu. Bilera ostean, zerbait hartzera joan gaitezke denok.
Beraz, zuetariko inork puri-purian dauden feminismoko mintzagaien inguruan kritikotasuna landu nahi badu eta hausnarketari bide emango dion talde batean parte hartu nahi badu, hauxe du horretarako espazioa! Animatu gurekin hankaz gora dagoen mundu hau konpontzera!
NOIZ: Otsailak 9
ORDUA: 18.30tan
NON:Ramiro de Meztu, 15 Baxua, Gasteiz
Informazio gehiago berdintasuna@egk.eus emailean edo 615749929/943 429767 telefonoan aurkitu dezakezu.