Galdakaoko Gaztetxe jaioberriaren alde

24 March, 2011

Galdakaoko Gaztetxe jaioberriaren alde

Gazteriaren Kontseiluak Galdakaoko Gaztetxe jaioberriaren utzaraztea salatu du

Elkarte plataformak egoera hau salatzeko gose greban dauden bi gazteei elkartasuna adierazi die

Gasteizen, 2011eko martxoaren 25ean. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) Galdakaoko Gazte Asanbladari elkartasuna helarazi nahi dio aurreko asteburuan bizitako gertaeren ostean. Gazte Asanbladako kideek herrian bertan Maximo Morenon parkean dagoen taberna zahar bat okupatu zuten iragan asteazkenean, martxoak 16, bertan Gaztetxe bati bizi emateko intentzioz. Ostiralean kalejira baten bidez eta larunbatean jai giroan leku hori jendartera aurkeztu ostean, igande goizeko ordu txikietan Galdakaoko Udaltzaingoak Gaztetxe izateko asmoz jaiotako tokira hurbildu eta bertan zeuden bi lagun utzarazi zituen. Gogorarazi behar da, gazte Asanbladatik salatu dutenaren arabera, epailearen inongo agindu gabe eman zela utzaraztea eta, hortaz, legez kanpoko era batean gertatu zela. Bertan zeuden bi gazteek mehatxuak jasateaz gain, usurpazio hutsegite bat egotzi egin zaie.

Egoera hau salatzeko asmoz, astelehen arratsaldean Galdakaoko bi gaztek gose greba mugagabeari ekin zioten. EGK-k bi gazte hauei elkartasuna adierazi nahi die. Horrez gain, Gazte Asanbladatik Galdakaoko Udaletxera ezarpena saihestuko lukeen elkarrizketaren aldeko deiarekin bat egiten du elkarte plataformak. Udaletxeak bere erantzukizunari aurre egin behar dio eta gazteek eurentzako behar dituzten gune autogestionatuekin amaitzea, Galdakaon bezala ametsak egi bihurtzen ari diren une berdinean hauek zapuztea erabaki politikoa baita. 10 urteko hutsune baten ostean, Galdakaok partaidetza eta antolakuntza sustatzeko garrantzitsua den Gaztetxe baten beharra ikusten da.

Gertaera hauen eta larunbatean arratsaldeko 18.30etan Barakaldon lokal okupatuarekin elkartasuna adierazteko deitutako manifestazioaren deialdiaren aurrean, EGK-k – Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak- hurrengoa adierazi nahi du:

Egungo errealitateari so eginez: geroz eta gazte gehiago daude bere aisiaren autogestioa bilatzen dutenak, lonjak alokatzen dituztenak, euren ekintzak antolatuz eta garatuz, haien elkarbizitzarako haienak diren espazioak bilatzen dituztenak. Marko instituzionaletik askotan eskaini izan dira gizarte-etxeak bezalako guneak, baina horietan sarritan arazoak egon ohi dira 15-30 urte bitarteko gazteak gizarte antolaketa eredu horren barne sentitzeko.

Egoera horren aurrean, Gaztetxeak gazte partaidetzaren eta antolakuntzaren gune sustatzailetzat jo daitezke: euren erabakietan eta funtzionamenduan autonomiaz jokatzeko apustu eginez, diru-laguntzen eta epeen menpekotasunik gabe. Gazte kopuru handi baten partaidetza eta antolakuntza sustatzeari begira baliagarriak diren ereduak dira beraz; hori dela eta, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik eta arrazoiketa nahiz antolabide horretan oinarrituta, aipatutako dinamika hori gazteria partaidetza eredu egokitzat jotzen ditugu; babestu beharreko espazioak dira.

Justuagoa, irekiagoa eta anitzagoa izango den gizarte baten aldeko apustua egiten dugu. Gizarte zibilaren indartzearen aldeko apustua, eraldatzaileak izango diren alternatiben aldekoa, tokian tokiko garapenaren aldekoa izanik eta gazteak diren pertsonen erabateko partaidetzaren nahiz hiritartasunaren aldeko apustua egingo duena. Horrekin batera, aldaketarako eta gizarte ekintzarekiko zaletasunaren eta demokrazia parte-hartzailearen aldeko apustua egiten dugu ere. Hori guztiagatik, Gaztetxeak ezinbestekoak direla uste dugu*.

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

*Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko 22. Batzarrean adostutako testuan oinarrituta.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.