Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) urteak daramatzagu etxebizitzen inguruko gaian lan sakona egiten. Gazteok emantzipatzeko ditugun aukerak urriak dira eta horri gehitu behar zaio bizitzeko espazioen eredu aniztasuna falta zaigula. EGK-tik eta Donostiko udaletik galdera bat planteatzen dizuegu: Ba al dago familia tradizionalak baino haratago bizitzeko beste modurik? Zer dira etxebizitza kolaboratiboak eta zer eraldaketa feminista ekar dezakete horrelako ereduek?
Aurtengo jarduna etxebizitza kolaboratiboetan oinarrituko da:
Alde batetik, lehenengoa Urriaren 14an izango da Tabakalerako Kutxa Kultur plazan, arratsaldeko 18:00etatik-19:30etara. Bertan Elkarrekin Bizi proiektua aztertuko da,zehazki, Donostian aurrera eraman nahi izan den etxebizitza proiektu kolaboratiboa. Honen azterketa egiteko mahai ingurua ospatuko dugu hiru hizlarirekin: Donostiako Udaleko ordezkari den Eva Salaberriarekin, proiektuaren eragile den Hiritik At-eko partaide batekin eta Sostre Civic elkarteko kide batekin.
Bestetik, Jardunaldiaren bigarren zatia Urriaren 28an ospatuko da eta etxebizitza kolaboratiboei buruzko hausnarketa teorikoak eta bizi-esperientziak dituzten 7 emakume egongo dira. ‘Giza Liburutegiak’ izeneko metodologia erabiliko da horretarako. Hau da, Liburuak pertsonak diren gune bat izango da, eta irakurleek saioan zehar ‘eskuragarri dauden liburuak’ hartuko dituzte beren istorioak ahots biziz entzuteko eta ‘liburua’ eta irakurlearen arteko elkarrizketa hasteko. Jardunaldi hau ere,Tabakalerako Kutxa Kultur plazan izango da, arratsaldeko 18:30etatik 20:00etara. Azken jardunaldi honi amaiera emateko, nola ez, liburu bat izango da protagonista: ‘Ibaia”, Uxue Alberdik idatzitako fabula musikatua. Hau, Usurbilgo hirigintza feministaren fabula da, arkitektura eta hirigintza feminista batek ekarri lezakeen etorkizuna irudikatzen duena, eta Alberdi bera eta Amoranteren musikaren eskutik entzun ahal izango da.
Entzule bezala etorri nahi baduzu lehen topaketara, eman izena hemen.
Informazio gehiago edo galderarik izatekotan idatzi etxebizitza@egk.eus berdintasuna@egk.eus helbidetara edo deitu 688737092 (Ane) / 615749929 (Irati) zenbakietara.