Etikasi programa hezitzailearen bigarren deialdia zabalik. Eman izena! Abierta la segunda convocatoria del programa educativo Etikasi. ¡Inscríbete! - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

30 January, 2020

Etikasi programa hezitzailearen bigarren deialdia zabalik. Eman izena!

  • Eusko Jaurlaritzarekin diseinatutako proiektu honen helburua etika eta giza eskubideez ikastea da, gazteen artean hausnarketa sustatzeko

  • Batxilergoko 1. mailako ikasle-taldeek Auschwitz eta unibertsitate eta Lanbide Heziketako ikasleek Belfast bisitatuko dituzte

Bizikidetza eta giza eskubideetan oinarritzen den gizartea nahi dugu, aniztasuna eta berdintasuna zeharkako balore bezala txertatuak dituena. Hori horrela izateko enpatiatik abiatu behar dela sinetsita gaude. Guzti horixe buruan izanda zabaldu dugu gaur, urtarrilak 30, Etikasi programako bigarren deialdia Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK).

Iaz bezala indarkeria gordina jasandako hiri edo zonaldeak lehen eskutik bisitatzeko aukera eskainiko dugu Etikasi bitartez. Zehazki, Auschwitzera joateko Batxilergoko 1. mailako ikasle-taldeentzat 30 plaza eta Belfastera joateko Lanbide Heziketako Erdi eta Goi Mailako heziketa zikloetako eta Unibertsitateko ikasleentzat 30 plaza.

Bidaia hezitzaileen garrantzia

Izan ere giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspuntutik, zuzenean eta pertsonalki leku horietan egoteak eta jazotako gertakizun traumatikoei buruzko istorioak ezagutzeak, potentzial pedagogiko handia eta iraunkorra dauka.

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiarekin elkarlanean landutako proiektu honekin Europako leku ospetsuetara egindako bidaia hezitzaileak egingo dira etikari eta giza eskubideei buruz ikasteko. Mundua beste begirada batetik ikustea eta beste pertsonen lekuan jartzea ahalbidetzen digu. Iazko esperientzia ikusita argi dugu Etikasi beharrezkoa dela. Bizitakoaz gehiago jakin nahi baduzu, hemen duzu Auschwitzeko albistea eta hemen Belfasteko berria. Eta gazteen iritzia bildu genuen beheko bideoan.

Entregatu beharreko dokumentazioa

Batxilerrekoen kasuan otsailak 25a arte eman ahalko da izena fitxa hau beteta. Ostean, martxoak 12 arte izango da epea bideoak eta honen fitxa teknikoa bakea@egk.eus helbidera bidaltzeko. Oso garrantzitsua da bideoaren sorkuntzan ikasgela osoak parte hartzea, osteko formakuntza eta bidaia denek egitea baita helburua. Bertan ondorengo galderetako bati edo gehiagori erantzuna eman behar zaio:

  • Zer dira giza eskubideak?
  • Giza eskubideen urraketaren bat identifikatu dezakezu zure inguruan? Zein?
  • Zer da zure ustez giza eskubide urraketa guztiek amankomunean dutena?

Eta ondorengo ezaugarriak izan behar dituzte:

  • Originaltasuna eta sormena.
  • Euskaraz, gaztelaniaz edo bi hizkuntzetan grabatua izan behar da. Gaztelaniaz bada euskara ere agertzea bermatu behar da (azpititulu edo animazioetan, adibidez).
  • Gutxieneko 3 minutuko eta gehienezko 6 minutuko iraupena izango du.
  • YouTubek onartutako formaturen batean egina egon behar da. Irudi eta bideo guztiek egile-eskubide gabeak izan behar dute.

Ikastetxeko bi talde aurkez daitezke gehienez. Jasotako bideo guztiak ikusi ostean, epaimahaiak bere ebazpena apirilaren 2an jakinaraziko du. Hautatuekin harremanetan jarri ostean bidaien aurreko formakuntza maiatzeko lehen astean izango da. Eta bidaia ekaina amaieran.

Lanbide Heziketa eta Unibertsitatea

Bestetik, Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako eta unibertsitate graduetako ikasleek (betiere 18 eta 30 urte bitartekoak) martxoak 8 arte eman ahalko dute izena, kasu honetan banaka. Horretarako ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute martxoak 12rako:

  • Izen-emate fitxa.
  • Proiektuan parte hartzeko arrazoiak aurkezten dituen motibazio eskutitza.
  • Giza eskubideei buruzko hausnarketa pertsonal bat (900-1500 hitz artekoa). Ondorengo puntuak kontuan hartuko dira:
    • Pertsona gazte honi Etikasi Programan parte hartzera animatu dien arrazoiak zehaztea.
    • Originaltasuna eta sormena.
    • Giza eskubideei buruzko hausnarketa pertsonal eta kritikoa
  • Ingeleseko FCE-B2 maila erakusten duen ziurtagiria.
  • Ikasgaiak egiten ari direla erakusten duen dokumentu bat (matrikula, adibidez).

Dokumentazioa aurkezten eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikasleetatik egingo da lehen aukeraketa. Hauek elkarrizketa pertsonala izango dute martxoaren 30 eta 31n eta, bertatik, egingo da azken hautaketa. Ebazpena apirilaren 2an jakinaraziko da, formakuntza saioa apirileko azken astean izango da eta Belfastera bidaia uztaila hasieran.

Eta deialdiko xehetasun guztiak jarraian duzun PDFan topa ditzakezu.

[PDF] Etikasi programako oinarrizko informazioa duen dosierra

Informazio gehiago nahi izanez gero, idatz iezaguzu bakea@egk.eus helbidera edo deitu 943429767/688737097 (Leire) zenbakira.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.