Emantzipatzeko eredu berriak aztertzeko unea da - Es hora de analizar nuevos modelos de emancipación. Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

4 September, 2019

Emantzipatzeko eredu berriak aztertzeko unea da

2019an zehar hainbatetan errepikatu dugu gazteok emantzipatzeko arazoak ditugula eta hori adierazten duten datuak mahai gainean jarriz gainera: batez besteko emantzipazio adina, gazte batek diru-sarreren zein kopuru bideratu behar duen etxebizitza gastuetara (alokairuan eta jabetzan), etab. Azterketa egin ostean diagnosia argia da: gazteon behar eta ezaugarriak kontuan dituzten neurriak behar dira.

Orain hor dugu erronka nagusia. Nolakoak izatea nahi dugu neurri horiek? Diseinatzerako orduan, zer izan behar dute kontuan? Zein izan daitezke kontuan izateko ereduak? Euskadiko egitura eta egoera kontuan izanda, zer aplika daiteke? Galdera horiek tentuz erantzutea ezinbestekoa da arazoari irtenbidea emateko eta sortzen diren proposamenekin bestelako erronkak ez sortzeko.

Emantzipatzeko eredu berriak aztertzeko unea da

Bide horretan, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) 2018an Europara eta bertan jorratutako ereduetara begiratzen hasi ginen. Horren guztiaren emaitza #EuroEmantzipatu txostenean bildu genuen. 2019an ibilbidea jorratzen jarraitu dugu Euskadiko administrazioek eskainitako aukerak gertutik aztertuz eta Euskadin zehar proposatu diren ereduekin bilduz, besteak beste: pisu solidarioak, belaunaldi arteko bizikidetza ereduak, alokairu soziala edo etxebizitza kooperatibak.

Beste batzuetan erabilitako Hiruburu metodologiarekin —gazteak, politikariak eta teknikariak gai zehatz mahai berdinean esertzea gai bati buruz elkarlanean aritzeko— bi topaketa antolatu ditugu:

  • Urriaren 3an Gasteizen Eta gazteon emantzipazioa? Landatxo gizarte etxean etxebizitzaren egoera aztertzeko eta emantzipatze prozesuan duen eragina ulertzeko. Gasteizko gazteek emantzipatzeko dituzten aukera desberdinak landuko dira eta baita ere eredu berriak. Besteak beste, co-housing edota belaunaldi arteko eredua.
  • Azaroaren 7an Donostian Milaka elkarbizitza. Donostiako Udalak garatutako programa aztertuko da, gazteon emantzipazioa ahalbidetzeko ezarri dituzten neurriei arreta berezia ezarriz. Era berean, jada abian dauden eredu berritzaileak jorratuko dira, besteak beste, co-housing-a edo belaunaldi arteko elkarbizitza sustatzen duena.

Gorde datak zure agendan. Gerturatzen diren heinean xehetasun guztiak kontatuko dizkizugu. Eta bitartean informazio gehiago nahi baduzu, kontuan hartzeko ereduak ezagutzen badituzu edo zure proposamena helarazi nahi baduzu deitu 94 44 36 143 (Luisa) zenbakira edo idatzi etxebizitza@egk.eus helbidera.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.