Día Internacional de la Igualdad Salarial entre mujeres y hombres

22 February, 2021

Soldata arrakala, noiz arte?

Gaur, otsailak 22, Emakume eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Nazioarteko eguna da

2019an EAEko emakume gazte batek gizonezko batek baino 222€ gutxiago kobratu zituen hilean

Berdintasuna lortua balego bezala hitz egiten dugu. Berdintasun faltsuaren ideiaz hitz egiten dute aditu batzuek eta hau aspektu askotan ikusi dezakegu. Unibertsitateetan esaterako, denok sarbide aukera berdinak ditugula esaten dugu, baina oraindik ere, femenizaturiko eta maskulinizaturiko ikasketekin aurkitzen gara, horrek bere ondorioak dituelarik. Espazio publikoetan hitz egiterakoan, hitzartzeak norberaren gaitasunaren araberakoak direla esan izan da, baina emakumeek espazio publikoan gizonek baino gutxiago hitz egiten dute.

Enpleguan ere errealitate berarekin aurkitzen gara. 2019an EAEko emakume gazte baten batez besteko soldata gizonezko gazte batena baino 222€ gutxiagokoa izan zen. Urtean 3.000€-ko aldea suposatzen duelarik, %25eko arrakala. Gaur, arrakala horri buruz hitz egin nahi dugu.

Emakumeek arlo pribatutik atera eta lan merkatuaren parte izateko ahalegin handiak egin badituzte ere, arlo pribatuko eta familiako zaintza lanak haien gain hartzen jarraitzen dute. Honek lanaldi bikoitza suposatzen du haientzat.

Ukaezina da berdintasun erreala ez dela bermatzen. Hori dela eta, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) eta 6 elkarteren atxikimenduarekin, Emakume eta Gizonen arteko Soldata Berdintasunaren aldeko Nazioarteko eguna aprobetxatuz, lanpostu berdina betetzen duten pertsona guztiei berdin ordaintzea eta lan-baldintza berdinak izatea aldarrikatzen dugu, inolako bereizketarik egin gabe, emakume, gizonen eta genero bitarraren parte sentitzen ez diren pertsonen artean.

EGKren manifestuaren eskariak eta aldarrikapenak:

Gazteen egoera prekarizatua bada lan merkatuan, emakume gazteen egoera txarragoa da. Kristalezko sabaia, desberdintasun horizontala, partzialtasuna, aldi baterakotasuna, kontziliazioa… errepikatzen diren errealitateak dira.

Hori dela eta, manifestuak biltzen dituen aldarrikapenak ondorengoak dira:

  • Gazteen enplegura bideratutako politika publikoetan genero-ikuspegia txertatzea. Hori dela eta, erakunde publikoek baliabideak jarri behar dituzte emakumeek soldata berdinak jasotzeko, lanaldi bikoitzak kentzeko, emakumezkoek eta gizonezkoek aisialdian igarotzen duten denbora berdintzeko, eta lan-munduan agintzen duen sistema heteropatriarkalari loturiko bestelako diskriminazioei amaiera emateko.
  • Soldata arrakalaren azterketa egiteko eman beharreko lehenengo urratsa sexuka banatutako datu eguneratuak izatea da.
  • Soldata arrakala ezabatzeko enpresa pribatu zein publikoei zigor gogorragoak jartzea, benetako berdintasunera iristeko tresna bezala.
  • Erakunde publikoek lan kontratu duinak bultzatzeko neurri efizienteagoak hartzea, gazteen egoera ekonomikoa arintzeko eta etorkizun hobeago bat ziurtatu ahal izateko, horrek dakartzan arazoei ere konponbidea emateko modua den heinean.
  • Ezinbestekoa da Berdintasun Planak bultzatzea eta enpresa eta zerbitzu ezberdinetan garatzea eta inplementatzea. Berdintasun erreala garatzeko neurriak ezartzen direla ziurtatzeko.

[PDF][pdf]Otsailak 22, Emakume eta gizonen soldata berdintasunaren nazioarteko eguna

Gehiago jakin nahi baduzu edo zure proposamenak helarazi nahi badituzu, idatzi bizibaldintzak@egk.eus / berdintasuna@egk.eus helbideetara edo deitu 945220601 / 688737153 (Oihana) edo 943429767 / 615749929 (Irati) zenbakietara.

Elkarte hauek atxiki dira manifestura: CCOO Gazteak, Gazte Abertzaleak, LSB-USO, Euzko Gaztedi (EGI), Rebeldía eta Aldarte.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.