Emakume gazteen egoera hobetzeko neurriak ezarri behar dira. Debemos tomar medidas para mejorar la situación de la mujer joven

6 June, 2019

Emakume gazteen egoera hobetzeko neurriak ezarri behar dira eta genero-ikuspegia txertatua izan behar dute

  • EGKtik identifikatutako hainbat arrakala azaleratu ditugu Eusko Legebiltzarrean eta hauen harira hobetze proposamenak aurkeztu ditu Maialen Olabek

Atzo eguerdian izandako agerraldian gazteon egungo egoera sozioekonomikoa mahai gainean jarri genuen. Maialen Olaberen, EGK-ko presidenteak legebiltzarkideei gure batez besteko emantzipazio adina 29,6 urtekoa dela oroitarazi zien, azken galdeketen arabera nahiko genukeena baino sei urte eta Europako batez bestekoa baino lau urte gehiago. Honen arrazoi nagusitzat bi faktore nabarmendu ditugu: batetik, alokairuen prezio altua eta gazteon soldata baxuak. Izan ere, adituen arabera pertsona batek diru-iturrien %30a bideratu behar du etxebizitza gastuetara eta gazteontzat hori ia ezinezkoa da. Ditugun soldatekin 409€ko alokairua izango zen muga; baina egun 944€ da batez bestekoa.

Hau da, Gazteen Euskal Behatokiak eskainitako datuen arabera 18 eta 34 urte bitarteko gazte batek bere diru-iturrien %69,3a bideratu behar du eta gomendatutako zifrara heltzeko batez beste diru-iturriak %130,9 igo beharko lirateke. Gainera, agerraldi osoan zehar hainbatetan nabarmendu dugun bezala, aipatutako datuak are okerragoak dira emakumeen kasuan: %77,1 bideratzen dute eta %157 igo beharko lirateke. Ildo horretan, aholkatutako %30a betetzea ahalbidetzen duen bakarra alokairu babestua da eta, horregatik, legebiltzarkideei alokairu soziala sustatzea eskatu diegu eta pisu hutsei irtenbidea ematea.

Esan bezala, Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteria Batzordean egindako agerraldian emakume gazteek pairatzen duten egoera bereziak pisu berezia izan du. Ezberdintasun erreala lortzetik urrun gaude eta datu sozioekonomikoak oso ongi islatzen dute. Gazteen batez besteko soldata 1.093€koa da eta emakume gazteena 1.025€koa, 68€ gutxiago. Era berean, gizonezkoekin alderatuta, ezberdintasuna handiagoa da, zehazki 132€koa. Egoera horri, gainera lanaldi partzialean emakume gehiago daudela eta enpleguaren munduan ematen diren segregazio horizontala eta lan askoren feminizazioa gehitu behar dira, azken hauek sozialki eta ekonomikoki gutxiago baloratzeaz gain.

Egoera sozioekonomikoarekin amaitzeko enpleguari eta honen baldintzei tartea eskaini genien. 2019ko lehen hiruhilekoan 16 eta 29 urte bitarteko gazteen %19,7 langabezian zegoen, datu orokorra baino ia 10 puntu gehiago. Horrek bizi-proiektua egitea zailtzen du. Azkenik, hitzaldian zehar gazteok pairatzen dugun prekarietatea salatu dugu. Horren adierazgarri bezala 2018an EGK-k lan istripuen aurkako protokoloa hiru aldiz aktibatu duela oroitarazi dugu, hiruetan langilearen heriotzagatik. Era berean, lanaldi partzialean gero eta gazte gehiago, %21,4 daudela nabarmendu dugu, batez ere emakume gazteak, %26,7.

Genero-ikuspegia politika publikoetan

Mahai gainean jarritako egoera hobetzeko eta emakume eta gizonen arteko berdintasun errealean oinarritutako gizarte bat erdiesteko politika publikoetan genero-ikuspegia txertatzea beharrezkoa dela aldarrikatu dugu. Izan ere, Gaur8 lantaldeak eta Berdintasun lan-arloak garatutako Indarkeria Matxistaren aurkako protokoloa 2018an 65 aldiz aktibatu zuten eta 2019an 33 aldiz. “Bost egunean behin”, azpimarratu du.

Emakume gazteen egoera buruan izanda, berdintasunen planen garrantzia nabarmendu dugu, baita ikuskaritzarena bertan ezarritako neurriak paperean gera ez daitezen. Horretaz gain, biltzen diren datuak ahalik eta eguneratuak izatea eta sexuka eta adinka banatzea eskatu dugu, diseinatutako politikek benetako errealitateari erantzuteko.

2018an egindakoaren laburpena

Horretaz gain, 2018an egindakoaren memoria aurkeztu dugu, EGK-k dituen lan-arloen eta hauek egindako proiektuen azalpena. Besteak beste: Donostiako gazteen emantzipazioa aztertzeko #GaztEmantzipazioa jardunaldia, Formakuntza Dualak gazteen bizitza-proiektuan duen eragina gertutik ezagutzeko bi Hiruburu -bat Gasteizen eta bestea Donostian-, gazteen lan baldintzen hobekuntza aldarrikatzeko hainbat manifestu- Soldata Berdintasunaren Europako Egunean (otsailak 22), Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean (apirilak 28) edo Lan Egokiaren Egunean (urriak 7)-, Europan eman diren emantzipazio ereduak lantzeko #EuroEmantzipatu proiektua eta parte-hartze eredu berritzaileak bilatzeko Parte-hartzea Europan txostena, emakume gazteek aniztasuna oinarri duen gizartea erdiesteko dituzten erronkak identifikatzeko #EmakumeakBizikidetzan topaketa eta esfera publikoan parte-hartzerakoan bizi izan dituzten oztopoak azaleratzeko #Plazandre jardunaldia; edo hezkuntza formalean hezkidetzak izan duen bilakaera eta gazteek horretan bizitako esperientzia ezagutzeko galdetegia.

2019an gazteon egoera hobetzeko hainbat proiektu

Legebiltzarkideen aurrean egoera sozioekonomikoa islatzeko hainbat datu aurkezteaz gain, hau hobetzeko elkarteen plataformaren 2019rako lan-ildo nagusiak azpimarratu ditu EGK-ko presidenteak. Azken urteetan bezala, berdintasun lan-arloa oso garrantzitsua izango da, zeharkako balore bezala garatzea ezinbestekoa ikusten dugulako. Horregatik lan-arloen arteko elkarlana handia egongo da. Emantzipazio prozesua errazteko neurri berrien bila Europara eta jada Euskadin badauden ereduetara begiratzen jarraituko dugu, adituek gomendatzen duten %30 horretara gerturatzeko

 

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.