Zer egin dugu 2016 urtean? - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

29 December, 2016

Zer egin du EGK-k 2016an? Urteko balantzea

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) 30 urte bete ditu 2016 urtean. Ironikoa da, izan ere gazte izateari uztear gaude. 1986an Eusko Legebiltzarraren lege batetik sortu ginenetik ahal izan dugun guztian egon gara Euskadiko gazteon interesak babesten eragiten digun bizitzako arlo guztietan: hezkuntza formala, hezkuntza ez formala, parte-hartzea, enplegua eta laneratzea, etxebizitza eta emantzipazioa, berdintasuna eta bakea eta bizikidetza, besteak beste.

Tokiko Administrazioekin bilduz, gonbidatu gaituzten ekitaldietan parte hartuz, formazio eta ikastaroak eskainiz… Zubi lan hori 30 urtez egin dugu eta modu berean jarraitzeko asmoa dugu. Nola ez, horretarako EGK osatzen duten erakundeen laguntza eta zure parte-hartzea ezinbestekoak dira. Bakoitzak egin edo ematen duen gutxi hori asko izan daitekeelako.

2016 urtean egindako balantzea

Eta zer eman digu 2016 urteak? Urte amaiera balantzerako unea izan ohi da. Atzera begiratu egindakoa aztertu eta ebaluatzeko eta etorkizunari begira erronkak identifikatzeko. Guretzat, lehenago esan dugun bezala, urte berezia izan da. Diseinatzaile gazteen lan-poltsa abian jarri genuen. Espero bezala, sekulako maila eman dute txostenen maketazioan, kartelak egiten edo gure irudi korporatiboa diseinatzen. Chroma Branding-ek egin du logo berria (30. urteurrenekoa ere) eta Peopleing eta Irudigital enpresek webgune berria. Gainera, .eus komunitatearekin bat egin dugu

Ekainean Donostian Ezohiko Batzarra ospatu genuen. Bertan, batetik, Maialen Olabe (Bizkaiko Gaztetxoen Koordinakundea) presidenta berri izendatu zen Itsaso Andueza (Hezkide Eskola) ordezkatzeko; eta, bestetik, Indarkeria Matxista eta Indarkeria LGTBI+fobikoaren aurkako protokoloa onartu zen. Ordutik, protokoloan ezartzen diren gertakariak emanez gero (salaketa juridiko edo publikoa, erasoa Euskadin edo Euskadiko pertsona gazte bati eta erasotzailea edo erasotuak 16 eta 30 urte bitarte izatea) EGK-k adierazpen publikoa egin du webgunean, berau sareetan zabaldu da eta prentsa-oharra bidali da.

Eguneroko lana

Horixe baita EGKren funtsa, eguneroko lana. Lantaldeetan biltzen gara lan-arloekin zerikusia duten kontuei buruz Euskadiko gazteon iritzia bildu ahal izateko. Eta hau osatzeko jardunaldi eta ekimenak antolatzen ditugu.

2017an ildo beretik jarraituko dugu Hezkuntza (formala eta ez-formala), Enplegu eta Etxebizitza, Parte-hartzea, Berdintasuna eta Bakea eta Bizikidetza lantaldeetan jorratzen. Zer eskatu behar dugu? Zer aldarrikatu, bermatu, landu, bultzatu… Oraindik urteko plangintza itxi gabe gaude. Bidali zure proposamenak txertatu ahal izateko.

Bien bitartean, ez galdu egun hauetan webgunean eta sareetan egiten ari garen urteko balantzea.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.