Gaur, COVID-19a dela eta, etxetik idazten dut artikulua. Martxoaren 13an administrazioen iradokizunak jarraituz telelanaren aldeko apustua egin genuen. Une horretan, egun batzuetarako izango zela prentsatu arren, gaur, hilabete pasatu ondoren, egoera asko aldatu dela esan dezakegu.
Hasieran sinestezina zena egia bihurtu da eta pandemiak mundua gelditzeko gaitasuna izan du, ospitaleak eta osasun zentroak jendez gainezka daude, ikasketa-zentro guztiek haien ateak itxi behar izan dituzte… Egoera berdinean topatu dira hainbat elkarte, enpresa zein administrazioetan lan egiteko era guztiz aldatu behar izan dutenak. Aldi berean, pertsona guztiak etxean geratu behar izan gara bizimodua egokituz.
Gure kasuan, zorioneko sentitu gaitezke. Etxetik lan egiteko aukera dugu, gure bizitza arriskuan jarri gabe edota lanetik kaleratuak izan gabe. Baina pandemia batek, zoritxarrez, parez pare ireki dizkio ateak krisiari eta hori oso kezkagarria da.
Krisi honek guztiongan du eragina eta, beraz, gazteongan ere. Hori dela eta gure helburu nagusia gazte eta administrazioen arteko zubi-lana egitea izanik, ezinbestekoa ikusi dugu gazteon egoerari buruz hausnartzen eta errealitatea lehen eskutik ezagutzen jarraitzea. Errealitatera egokituz, enplegu eta etxebizitza lan-arloetako Emantzipa… Zer? lantaldean, modu telematikoan, COVID-19aren harira hartutako neurri eta erabakiek gazteon bizitzan izan duten eragina aztertu dugu.
Konfinamenduaren aurretik jada gazteon enplegu egoera oso prekarioa zen eta krisi honek prekaritate hori areagotu egin du. Lehen unetik zalantza asko egon dira eta kezka eta beldur ugari sortu. Hanka aldatuarekin harrapatu ditu enpresa asko eta gazteoi ez zaigu informazio guztia era argian helarazi. Honek, nola ez, ondorio latzak izan ditu: estresa, ezegonkortasuna, urduritasuna, estutasun ekonomikoa, etab. Horregatik garatu ditugu panel informatiboak gazteon enplegu eta etxebizitza egoeran eragina izan duten neurriak laburtzeko eta azaltzeko. Eta bide beretik jarraituko dugu.
Izan ere horiek ez dira eragin bakarrak izan. Duela aste batzuk plazaratu bezala esparru pribatuan fokua jartzea garrantzitsua da. Kutsatzea saihesteko etxean egotea egokitu zaigu eta hainbat kasutan honek dakartzan arriskuak aurreikustea ezinbestekoa da. EGKtik administrazioari Indarkeria Matxistaren aurrean dagokion jarrera hartzeko eskatzen dugu, bai harrera juridikoari dagokionez, baita prebentzioari dagokionez.
Hezkuntzan zalaparta
Ildo beretik, COVID-19ak hezkuntzan ere zalaparta handi sortu du. Unibertsitateak, Lanbide Heziketa zentroak eta ikastetxeek euren ateak itxi behar izan dituzte eta ikasgelan eman beharreko formakuntza saioak plataforma digitalen bidez eskaini. Horrek arazo asko ekarri ditu ikasleak formakuntza jasotzeko eta ostean egin beharreko azterketak behar bezala osatzeko. Egoera aztertuta ezinbestekoa ikusten dugu gazteon eta bereziki ikasleen iritzia kontuan izatea hartzen diren erabakietan. Are gehiago errealitate anitz izanda, tartean egoera zaurgarriagoa bizitzen ari diren hainbat familia. Beharrizan hauek inoiz baino ageriago gelditu dira eta aurrera egiteko tresnak zein babes neurriak eskaintzea ezinbestekoa da.
Baina ez dira hemen bukatzen gure kezkak, zoritxarrez. Izan ere, ardura berezia dugu gazte elkarteei dagokionez. Martxoa urte hasiera baino ez da eta elkarte askok bidean zituzten lan zein proiektu asko atzeratu edo bertan behera utzi behar izan dituzte. Indarra eta animoak bidali nahi dizkiegu gogotsu jarrai dezaten egoera berri honetara egokitzen.
Amaiera baikor bat izatearren pandemia honi erantzunez gizarte bezala gure konpromisoa erakutsi dugula azpimarratu nahiko nuke. Hori dela eta, ez dugu bigarren plano batean utzi nahi Gazteen Euskal Behatokiak #EsanNolaDaramazun ikerketan ateratako datuak, besteak beste: konfinamenduaren lehen egunetan hamar gazteetatik bik boluntariotza sareren batetan parte-hartzeko prestutasuna adierazi zuen eta beste hainbestek egiteko asmoa zuela. Hau da, ia erdiak. Datu hauek berreskuratu nahi izan ditugu urteak daramagulako boluntariotza balioan jartzearen beharraz eta egoera latz hauetan argi ikusi da egiten den lana.
Maialen Olabe, EGK-ko presidentea
2020-04-29
Artikulu originala Gazteberri Aldizkarian