Udako oporretatik indarberrituta heldu gara eta gogoz gaude esku artean ditugun proiektuei ekiteko. Gaur 2019an zehar jorratutako #BazterretikErdira zineforumaren deialdiaren berri eman nahi dizugu: Carmen y Lola filma irailaren 17an Hika Ateneon. Eman izena hemen!
Carmen Madrilgo aldirietako ijito komunitatean bizi da. Ezagutzen duen beste edozein emakume bezala, bere etorkizuna zehaztua du. Belaunaldiz belaunaldi errepikatu den bezala, ezkondu egingo da eta ahalik eta haur gehien izango ditu. Egun batean Lola ezagutzen du, unibertsitatera joan nahi duen eta grafitiak margotzen dituen ijitoa.
Hika Ateneon irailaren 17an
2018an Arantxa Echevarriak zuzendutako filmak bi ijito lesbianen istorioa kontatzen du. Ez du ukitu erabat errealista, narrazioari dokumental kutsua eman baitzion zuzendariak. 2019ko Goya sarietarako zortzi izendapen jaso zituen eta, besteak beste, Canneseko Zinemaldian proiektatu zen.
- Noiz: Irailaren 17an, arratsaldeko 18etan
- Non: Hika Ateneon. Ibeni Kaia, 1 (Bilbo).
- Izen ematea: https://forms.gle/iqjCssMiA88bbh1YA
Gogoratu! Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) lantaldeak 18-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude. Gainera, EGK-k bertaratzeko erabiliko diren garraio publikoko gastuak ordaintzen ditu.
#BazterretikErdira zineforuma
Zinemak ideiak islatzeko duen indarra nabarmena da eta horregatik #BazterretikErdira zineforumaren bitartez sexualitatea eta honen aniztasuna landu duten hainbat film jorratu nahi izan ditugu. Gorputz eta identitate anitz barnebiltzen dituen gizartea nahi dugulako, pelikuletan planteatutako gaiei buruz hausnartzea da osteko eztabaidaren helburua. Zehazki zer egin dugun jakin nahi baduzu, hauek dira aurrez proiektatu ditugun filmak:
- Bar Bahar apirilaren 30ean.
- Yes, We Fuck maiatzaren 28an.
Agendan gordetzeko azken data azaroaren 26a da. Orduan Girl filma ikusi eta aztertuko dugu, hau ere Hika Ateneon arratsaldeko 18etan.