Gizartean aktiboki parte-hartzea eta boluntariotzan aritzea ez ohikotzat hartzen den jendarte honetan, badira gazte asko hainbat ekimen eta proiektu aurrera eramaten dituztenak. Ikusgarritasun gutxiko proiektuak garatzen dira eta lan handia egiten dute gizartearentzako. Gainera gazte hauek, denon onurako diren konpromisoak eta erantzukizunak hartzeko gaitasunak garatzen dituzte. Horien guztien lana gaur ere, Boluntariotzaren Nazioarteko Egunean balioan jarri nahi dugu.
Hau guztia aintzat hartuta, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Bizkaiko Foru Aldundiarekin (BFA) elkarlanean, 2016an #IzanZuAldaketa kanpaina burutu zuen. Orduan, kanpainak bi helburu izan zituen: alde batetik, Bizkaiko gazteek gizarte erakundeetan egindako lana balioestea; eta, bestetik, lurraldeko gazteen artean boluntariotzari lotutako ekimenak sustatzea. Horretarako, bideo hau zabaldu zen.
Gaur, abenduak 5, Nazioarteko Boluntariotza Egunean berriro ere gazte boluntarioek gizarteari egiten dioten ekarpena balioetsi eta goraipatu nahi dugu. Horretarako, pasa den irailaren 27an egindako gazte boluntarioen topaketako bideoa eta jorratutakoa aurkeztu nahi dizuegu. Bertan, hainbat esparrutako elkarte eta erakundeekin harremanetan jarri ginen bertako gazte boluntarioen lana ezagutarazteko.
2018an identifikatutako erronkak
2018an hezkuntza lan-arlotik jarraipena eman zaio #IzanZuAldaketa kanpainari. Boluntan egindako gazte boluntarioen topaketaren bidez boluntario eta boluntario ohien esperientzia eta testigantzak batu eta boluntariotzaren iragana, orainaldia eta etorkizuna aztertu genituen. Finean, etorkizunari begira boluntariotzak dituen erronka berriak identifikatzeko.
Dinamika parte-hartzaileen bitartez, bertaratutako elkarte eta boluntariotza mota anitzetako gazteen esperientzia, testigantza eta bizipenak lehen pertsonan entzun ahal izan genituen. Guztiak izaera solidarioko esperientziak eta irabazi-asmorik gabeko proiektuetan jarduten dutenak. Jarraian ikus dezakezu laburpen bideoa:
Gazte boluntarioen ekarpen pertsonalak mahai gainean
Irailean buruturiko topaketan boluntarioak izan ziren protagonistak. Haien sentipen, esperientziak eta iritziak ezagutu nahi genituen. Gazte boluntarioei galdetu zitzaien zein ekarpen egin dien euren bizitzan boluntariotzak eta zergatik hasi eta jarraitzen duten. Gauza oso interesgarriak irten ziren:
- Konpetentzia ugari eskuratzen dira eta bizitza pertsonalerako ekarpenak benetan aberasgarriak dira.
- Boluntariotza mundua etengabeko ikaskuntza izanik, erantzukizuna, heldutasuna, buru irekitasuna, laguntasuna, hausnarketarako erraztasuna eta ikuspuntu ezberdinak sortzeko gaitasunak eta abileziak garatzen dira.
- Arlo pertsonalean harremanak sortzea errazten du, izaera zabalagoa lortzen delako eta giza trebetasunak eta gatazken ebazpenak lantzen direlako. Finean, hazkuntza eta garapen pertsonalerako bidea da.
- Ez da denbora galtzea. Kalitatean jarri behar da fokua. Batzuetan sakrifizioa ere bada, baina ekarpen pertsonal oso handia da.
- Egoera desberdinetara moldatzeko gaitasuna ahalbidetzen da, egunerokotasunean sortzen diren zailtasun eta erronkei aurre egiteko oso baliogarria.
Aurrera begira?
Eta zuk, zein hitzekin identifikatzen duzu boluntariotza? Elkarbana ezazu sareetan #IzanZuAldaketa traola erabilita edo bidal iezaguzu hezkuntza@egk.eus helbidera.