-
Hezkuntza Foroaren bitartez data baliatuz hainbat aldarrikapen plazaratu nahi dira
Igande honetan, azaroak 17, Ikasleen Nazioarteko Eguna da. Hori dela-eta, azken urteotan egin dugun bezala, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) ikasleek egunerokotasunean dituzten erronkak azpimarratzeaz gain, ikasle gazteek dituzten konpromisoak eta aurrera ateratzen dituzten proiektuak goraipatu nahi ditugu. Elkarteen bitartez zein norbanako modura hainbat ekimen antolatzen dira urtean zehar, gehienetan boluntario modura gainera. Ikasle bezala dituzten ardurekin uztartuz, noski.
Bigarren Hezkuntzan, Lanbide Heziketan zein unibertsitateetan gazteon egoera hobetzeko egiten den horrek aipamen berezia merezi du. Ildo horretan eta elkarlana errazteko antolatu genuen 2018an #ElkarTopatu jardunaldia eta sortzen diren gai ezberdinak Hezkuntza Foroan aztertzen ditugu. Horregatik, 2019an zehar bilera eta harreman mordoa egin ditugu hezkuntza arloko eragileekin lantaldean parte hartzera gonbidatzeko. Izan ere lantalde honen helburua bikoitza da: batetik, ikastetxe/unibertsitate edo administrazioen aurrean ikasleen beharrak aurkeztu; eta, bestetik, ikasle eta ikasle-taldeen arteko sinergiak bilatu.
Etorkizunerako asmoak
Hilabete hauetan eta 2020an zehar ere ikasleen hitzari proiekzioa eta ibilbidea ematen jarraituko dugu, ikasle problematika aurkezten zaizkigun maila eta dimentsio guztietatik lantzeko. Asmo honetan, noski, zure esperientzia ezinbestekoa da. Gazteon interesekin bat datozen gaiak jorratuko ditugu, denon artean adostutako egutegiarekin. Hala, elkarteetatik datozen aldarrikapen eta proposamenak aurrera emateko tresnak eskaintzen dira, talde desberdinen arteko saretzea eta elkar harremana zutabe edo oinarri izanik.
Horrekin batera, gogoratu nahi dizugu EGK-ko Hezkuntza Foroan parte hartzeko aukera zabalik daukazula zure esperientziak ezagutzera emateko eta beste gazteekin batera bizipenak partekatzeko.
Informazio gehiago nahi izanez gero jar zaitez hezkuntza teknikariarekin harremanetan hezkuntza@egk.eus helbidean edo 944436143 (Irati) telefonora deituz.
Edozein une da egokia ikasle gazte moduan gure gizartea hobetzeko balio duten elkarteetan parte hartzeko. Ez galdu zeure aukera!