Gazteok LGTBI+fobiari aurre! - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

17 May, 2018

Aniztasunean dago edertasuna eta indarra, gazteok LGTBI+fobiari aurre!

Aniztasunean dago edertasuna eta indarra” baieztatu zuen Mayo Angelouk. Eta teorian, legeak hori ziurtatzen du. Orduan, zergatik jarraitzen du ikusezina izaten?

Sexualitatearen koloreak” gidan azaldu genuen bezala, gutxienez 500 urte badira mendebaldeko gizarteak identitatea eta bikote-harremanak ulertzeko modu bakar bat definitu izan duela. Eta beste gizarte batzuetan are gehiago. Errealitatea ulertzeko modu horrek hierarkia sozial eta diskriminazio legeak ekarri ditu ondorio bezala.

Maiatzak 17a LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Eguna da. Oraindik ere mahai gainean jarri eta lantzeko dauden erronkak –egungoak eta etorkizunekoak– gogorarazteko beharrezko eguna. Indarkeria LGTBI+fobikoaren aurkako protokoloan aipatu ditugu:

  • Gogoan izan behar dugu aniztasunaren mapa guztia egoera bakoitzean ahalik eta modu egokienean erantzun ahal izateko.
  • Neurriek eta politika publikoek identitatea bizitzeko, izateko eta orientatzeko modu oro kontuan izan behar dituzte.
  • Gizartea, oraindik ere, aniztasuna zeharkako balore gisa onartzeko bidean dago.

Orain arte aipatutako puntu hauek ezin diote gizarteari ahaztarazi LGTBI+ kolektiboak bizi duen diskriminazio testuingurua. LGTBI+ fobia errealitate bat izaten jarraitzen du eta horri erantzuna eman behar dioten lehenak administrazioak eta pertsona gazteak izan behar dira.

Egia da maila juridikoan aurrerapausoak eman direla, eta ondorioz, LGTBI+ kolektiboari zuzendutako neurri eta praktiketan ere bai. Baina asko geratzen da egiteko, bai administrazioen aldetik baita gazteen aldetik ere. Horregatik EGK eta Gaur8 lantaldetik hurrengoa eskatzen da:

Administrazioei:

  • Aniztasuna eta bereziki LGTBI+ kolektiboaren egoera babestuko duen legedia eraiki.
  • Indarkeria LGTBI+fobikoaren aurrean justizia egin dadin baliabideak ezarri.
  • Aniztasuna hezkuntza sisteman zeharkako balore bilakatu, honi lotutako formakuntzak behar besteko pisua izan dezan.
  • LGTBI+ kolektiboari buruzko ikerketak eta datuak lortzeko baliabideak sortu. Hala nola, LGTBI+ Behatokia sortu.
  • Oroitzapenezko daten garrantzia azpimarratu eta hauetan ekitaldiak egitea sustatu.

Era berean, gazteak animatzen ditugu:

  • Norbere buruarekin lan kritikoa egin eta LGTBI+fobikoak diren balore, jarrerak eta portaerak aldatu.
  • Ahalduntze kolektiborako bidean eragile bat gehiago izan.
  • Era aktiboan Aniztasunarekiko aldekotasuna erakutsi.
  • Ez onartu Aniztasunaren aurkako erasorik eta hauek pairatzen dutenei laguntza eskaini.

Ez dugu ahaztu nahi bestalde, Bizigayk (2016) eginiko “Eskubide sexualen azterketa giza eskubideetatik” ongi azaldu zuen bezala, gabezia bat dagoela sexu heziketan. Honek sozializazio matxista inposatzen du eta jarrera sexista eta LGTBI+fobikoen irautea dakar.

Hala ere, maiatzaren 17aren bueltan Aniztasunak dakarren onura denak aldarrikatu nahi ditugu. Pluraltasunaren sinonimoa baita, barietatearena. Positiboa da, aberasgarria den alderdi bat bezala ulertu behar dugu. Zeharkako modu batean eta bere osotasunean sartu behar da gizartean. Eredu bakoitzaren -berezkoak ala kanpotik sortutakoak- konplexutasunaren kontzientzia hartuz, behar konkretuetara jaitsiz eta kolektiboetako eskaera eta proposamenak ikusaraziz. Beti ere, pertsonetaz hitz egiten ari garela kontuan hartuz.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.