EUDEL Euskal Udalen Elkarteak, Berdinsarearen bidez (euskal biztanleriaren % 75 biltzen duten 52 udalerrik parte hartzen duten sarea) eta Emakunderen, Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako Zuzendaritzaren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien bultzadarekin, bigarren urtez jarraian jarri du martxan Beldur Barik lehiaketa, emakumeenganako indarkeriaren aurkako borrokan gazteria inplikatzera bideratuta. Beldur Barik programa azaroaren 25 egunaren inguruan (Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna) Berdinsareak egindako kanpainan sartuta dago, eta aldi berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta EiTBren lankidetza du.
Bigarren edizio honetan, errespetuan, berdintasunean, askatasunean eta autonomian, erantzukidetasunean eta indarkeria tinko baztertzean oinarritutako jarrera eta jokabideak hartuta emakumeenganako egungo desberdintasun-egoerari neska-mutilek aurre nola egiten dieten erakusten dituzten adierazpen artistikoak aitortu, baloratu eta bultzatu nahi ditu lehiaketak.
Lanak aurkezteko epea (posta elektronikoz jarrera@beldurbarik.org helbidera bidalita) irailaren 12an zabalduko da, eta azaroaren 11n itxiko da.
Bi kategoria izango dira: Bat 12 eta 17 urte arteko neska-mutilei zuzenduta, eta bestea, 18 eta 26 arteko gazteei zuzenduta. Kategoria bakoitzean 1.000 euroko saria emango da. Udal batzuek tokian tokiko sariak ere emango dituzte.
Berrikuntzak
Aurtengo berrikuntzen artean, lan guztiak (lehiaketak oinarri hartzen dituen printzipioen kontra doazenak izan ezik) http://www.beldurbarik.org webgunean jarriko dituzte ikusgai. Webgune horretan herri-bozketa egingo da (bi kategorietan aurkeztutako lanak bilduko dira) eta boto gehien jasotako lanari 300 euroko herri-saria emango zaio. Lanek Beldur Barik jarrera transmititzea da garrantzitsuena; hau da, eraso sexistei aurre egiten dien eta berdintasunezko harremanen alde egiten duen jarrera. Hori dela eta, edonolako formatuak onartuko dira: ekintzak, ideiak, bideoak, argazkiak, proiektuak, musika, dantza, argazkigintza, performancea, eskultura… Banakoen, taldeen, kolektiboen, ikastetxeen edo ikasgelen lanak aurkeztu ahal izango dira.
Bigarren edizio horren helburuetako bat ikastetxeen partaidetza ahalbidetzea da. Bestalde, aurten tokian tokiko ekimenen garapena sustatzearen alde ere egingo dute udalek. Tokian tokiko sariez gain, Beldur Barik programaren barruko sentsibilizazio- eta trebakuntza-ekintzak jarriko dira abian, esaterako, graffiti-tailerrak, ikus-entzunezkoak edo sexualitate-tailerrak, betiere indarkeriarik gabeko harremanak sustatzera bideratuta eta gazteen ahalordetze eta autonomian oinarrituta.
Bestalde, EHUren inplikazioari esker, Beldur Barik-ek urritik aurrera unibertsitatetako hiru campusetan sentsibilizazio-ekitaldiak egingo ditu, eta horietan lehiaketa aurkeztuko dute. Azaroan Beldur Barik topaketa izango da, eta horietan, sariak emateaz gain, eztabaidak, trebakuntza-tailerrak eta jarduera ludikoak egingo dira.
Beldur Barik Berdinsarea Emakumeengako Indarkeriaren aurkako eta Berdintasunaren aldeko Euskadiko Udalen Sareak abian jarritako programa da, eta hori, aldi berean, EUDELek bultzatutako proiektua da, emakumeenganako indarkeriaren aurka borroka egiteko tokian tokiko erakundeen erantzuna indartzeko. Berdinsareak lehentasunez gazteriarengana jotzeko beharra ikusi zuen; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan genero-indarkeriagatik jarritako salaketen % …. 30 urte baino gutxiagoko neskek aurkezten du.
Beldur Barik 2009an abiatu zen; iaz egin zen lehiaketaren lehen edizioa, eta 500 gaztek baino gehiagok parte hartu zuten ehun bat proposamenekin. Joan den urteko irabazleak Olaia Aretxabaleta (“Gaur ez zaitut entzungo” abestiagatik), Matraka feminista gazteen taldea (“Gure artean” dokumentalagatik) eta Pausoz-Pauso dantza-taldea (“Sasi artean ere bada lorerik” piezagatik) izan ziren. Lanak Bilbon egindako jaialdian aurkeztu zituzten, bertaratutako 200 gazte ingururen aurrean, eta arte garaikideko erakusketa bat, hainbat hitzaldi eta mahai-inguru izan ziren artearen, Interneten, feminismoaren eta indarkeria sexistaren aurkako borrokaren inguruan.
Informazio gehiago: http://beldurbarik.org/