Gaur, abenduak 3, asteartea, Aniztasun Funtzionalaren Nazioarteko Eguna da. Azken urteetan egin bezala, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) eguna baliatu nahi dugu oraindik egiteko dagoen lana gogoratzeko eta kolektiboko pertsonen eskubideak aldarrikatzeko. Bizikidetzan oinarritutako gizarte barne-hartzaile bat eratu nahi badugu, aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioa ezinbestekoa da.
Ikuspegi hau bizitzako esparru orotan txertatu behar da eta politika publikoetan zeharkakotasunez jorratu. Are gehiago, EGKtik aniztasun funtzionala duten pertsonei bideratutako neurriak diseinatzerakoan zuzenean ahotsa haiei ematea aldarrikatzen dugu, euren bizipenak kontuan hartuta beharrei modu osoagoan erantzungo baitzaie.
Eguneroko lana
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren (EGK) helburuetako bat aniztasun funtzionala duten pertsonen eskubideen alde lanean jardutea eta norabide horretan proposamenak egikaritzea da. Gaur proiektu, egitasmo edota bestelako ekimenen bitartez aniztasun funtzionala dutenen errealitatera gerturatzen jarraitzeko gure konpromisoa berretsi nahi dugu.
Ildo horretan, gaia eta aldarrikapenak gizarteratzeko egindako bi proiektu oroitu nahi ditugu:
- Mugarik gabeko aniztasuna: Aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioa helburu duten eragile eta elkarte desberdinen laguntzarekin osaturiko gida bat da. Aniztasun funtzionala duten pertsonek aisialdian normaltasun osoz jardun dezaten, irakasle, lagun zein begiraleentzako errekurtso didaktiko bat da.
- Enplegua, gazteria eta aniztasun funtzionala: Helburua hainbat lekukotza biltzea eta egoera hobetzeko proposamen eta erronkak partekatzea zen. Txosten honen bitartez administrazioei enplegu arloan aniztasun funtzionala duten pertsonek bizi duten errealitatea islatzea da. Gogoraraziz enplegu zein beste arloetako politika publikoak ere aniztasun funtzionala lantzen duten gizarte-eragileekin koordinatu eta adostu behar direla.