Gazte Agora: batzen gaituen norabidean. Abenduak 14 Donostian - Gazte Agora, en la dirección que nos une. 14 de diciembre en Donostia

18 November, 2019

Gazte Agora: batzen gaituen norabidean

  • Eusko Ikaskuntzak, EGK-k eta NGK-k mugaz gaindiko lankidetza sarea osatzeko antolatu dute topaketa

  • Lehena Donostiako Miramar Jauregian izango da abenduaren 14an

Gazteok egun bizi dugun egoera hobetzeko asmoz egiten dugu administrazioekin zubi-lana, identifikatutako beharrak eta hauek konpontzeko hobekuntza-proposamenak helaraziz. Bide horretan, inguruko eragileekin harremana izatea ezinbestekoa da. Izan ere, Euskadiko gazteon beharrak Nafarroako edo Ipar Euskal Herriko gazteenekiko berdinak ala ezberdinak dira? Galdera honi erantzuteko eta hainbat gai jorratzeko asmoz, Eusko Ikaskuntzak, EGK-k eta NGK-k Gazte Agora proiektua martxan jarri dugu. Eman ezazu izena hemen!

Gazte Agora epe luzeko begiradarekin sortu den ekimena da, hainbat topaketa bidez 18 eta 35 urte bitarteko pertsonen mugaz gaindiko lankidetza sortzeko. Abiapuntu bezala Eusko Ikaskuntzak 2017 eta 2019 artean egindako gogoeta-prozesuko emaitza edukiko dugu eta, honen gainean, gure egoera aztertuko dugu.

Lehen topaketa Donostian

Gazte Agora ekimenaren abiapuntua datorren abenduaren 14an Donostian (Miramar Jauregia) egingo den topaketa izango da. Hausnarketak eta lanak 2020an zehar jarraipena izango du: batetik, topaketa bana egingo dira Nafarroan (Iruñan, 2020ko otsailean) eta Ipar Euskal Herrian (Baionan, 2020ko martxoan); eta, bestetik, Mugaz gaindiko Gazte Foro bat egingo da 2020ko maiatzean.

Aniztasuna, balio partekatuak, lurralde berezitasunak eta lurraldeen arteko lankidetza ereduak oinarri, lau gai nagusiren inguruan abiatuko dugu hausnarketa datozen hilabeteetan antolatuko ditugun foroetan*:

  • Gobernantza: parte-hartzea eta gazteon ahalduntzea
  • Ongizate materiala: enplegua eta etxebizitza
  • Euskara eta hizkuntza-politikak:
  • Hezkuntza formal eta informala

Gai edo lan-esparru hauetako bakoitza talde batean jorratuko da, izen-ematerakoan aukera dezakezu lauetako zeinetan parte hartu nahi duzun. Egunean jarraituko den egitura honakoa da: lehenik, egun gazteok ditugun erronkak identifikatuko dira; ostean, gobernantzarako tresna eta proposamenak jorratuko dira; eta, azkenik, lurraldeen arteko lankidetza eta kolaborazioa aztertuko da.

Gazte Agora topaketako egitaraua

Jarraian duzu eguneko egitaraua

10:00-10:15: – Partaideen harrera eta lan-mahaien egituraketa
10:15-10:30 – Aurkezpena. Gazte Lankidetzarako sareak. Proiektua kokatzen Amalur ALVAREZ. Eusko Ikaskuntza
10:30-10:45 – Saioaren aurkezpena Ander VIZÁN. Eusko Ikaskuntza
10:45-11:30 – Gazte-erronkak. Talde dinamika
11:30-11:50 – Atsedenaldia
11:50-12:45 – Gobernantzarako tresnak eta proposamenak. Talde dinamika
12:45-13:30 – Mugaz-gaindiko gazte lankidetzarako tresnak. Talde dinamika
13:30-14:00 – Ondorioak eta itxiera

Izen-ematea https://bit.ly/2Cepxzb

 

*Hemen lan-esparru bakoitzean jorratuko dena

Gobernantza: parte-hartzea eta gazteon ahalduntzea: Belaunaldi berriak gaur egungo erabaki-hartze prozesuengandik urruntzen ari dira erakundetze eta erabaki politikoen zurruntasunaren ondorioz, nahiz eta belaunaldi hauek izan erabaki-hartzeen eraldaketa sor dezaketen elementu nagusia. Gainera, eztabaida politikoarengandik ere urrunduak izaten ari dira gehiegizko erakudentzearengatik, gazteak herritar pasibo bihurtuz. Gazteek erabaki publikoengandik duten distantzia hori maiz azaldu izan da belaunaldi berrien izaera indibidualistagatik. Haatik, indibidualismoak belaunaldi berriengan eragina izan arren, ez du esan nahi gazteek kontzientzia kolektiborik ez dutenik. Egun, erabaki publikoetan parte-hartzeko modu berriak daude, zeintzuk zoritxarrez ez dira erakundeen partetik aintzat hartzen.

Ongizate materiala: enplegua eta etxebizitza: Lan merkatuaren egungo egoerak ondorio aipagarriak ditu belaunaldi berrien bizi-baldintzetan. Egungo sisteman, lan-dinamikak baldintzatzen ditu erabaki ekonomiko, sozial eta politikoak. Gainera, lan ziurgabetasunak zenbait alorretan ditu ondorio esanguratsuak, halaber, gazte-emantzipazioan, identitate propio baten garapenean edo parte-hartze politikoan ere.

Euskara eta hizkuntza-politikak: Euskararen egoera guztiz ezberdina da euskal eta nafar lurraldeen toki batetik bestera. Honek euskararen ikaste zein erabileraren inguruko eztabaidak korapilatsuak izatea eragiten du, askotan polemikaz inguratutakoak. Gazteok gai izan behar dugu zoru minimo komun bat finkatu eta euskara herritar guztiok biltzeko hizkuntza bihurtu, eta ez mugak sortuko dituena.

Hezkuntza formal eta informala: Europar Batasunetik zein Estatuengandik -Espainia eta Frantziako Estatuak, euskal eta nafar lurraldeen kasuan- bultzatzen den hezkuntza sistema arautuak ezagutza eta erronkei aurre egiteko baliabide zein gaitasunak garatzea baino, lan-merkatura soilik zuzenduak dauden gaitasun zehatzak garatzeko hezkuntza-planetan zentratzen da. Zentzu horretan, hezkuntza eredu formalen inguruan hausnartzeko beharraren garrantziari, hezkuntza-esparru informalen inguruan eztabaidatu beharra ere agertzen da, hauek berebiziko garrantzia baitute non eta lan-merkatura bideratuta dauden gaitasun eta ezagutzetarako bakarrik dagoen hezkuntza-sistema batean.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.