Formakuntza Duala aztertzeko eztabaida- eta gogoeta-taldeak. Grupos de debate y reflexión para analizar la Formación Dual - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

14 October, 2019

Formakuntza Duala aztertzeko eztabaida- eta gogoeta-taldeak

Azken astean hiru eztabaida- eta gogoeta-talde antolatu ditugu Formakuntza Duala ikasten dauden gazteekin, bi Bidasoa LHII eta bat Plaiaundi BHI ikastetxeetan. Oso aberasgarriak izan dira duela aste batzuk zabaldu genuen galdetegiaren bitartez biltzen ari garen erantzunak osatzeko, kontrastatzeko eta sakontzeko. Ordubete inguruko saioak izaten ari dira eta urria amaiera arte gehiago antolatzen saiatuko gara. Zure ikastetxean bat egiteko interesa izanez gero, idatzi iezaguzu bizibaldintzak@egk.eus helbidera.

Oraingoz Formakuntza Duala aukera oso baliagarri bezala ikusi dute gazteek, eta orokorrean eskatzen duen esfortzua azpimarratu dute. Ezin da ahaztu “prestakuntza-aldiak heziketa-zentroan eta enpresan edo erakundean txandakatzen dituen hezkuntza-jarduera” dela Formakuntza Duala. Horrek, askotan, batetik bestera mugitzea eskatzen du.

Protagonisten ahotsa entzutea eta entzunaraztea oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Diseinatutako galdetegi hau urriaren 27a arte izango dugu irekita. Gipuzkoako hainbat ikastetxerekin harremanetan jarri gara helarazteko eta bertan jorratutakoa eztabaida- edo gogoeta-taldeen bitartez kontrastatzeko eta osatzeko.

2018an emandako lehen pausuen jarraipena

2018an Gasteizen eta Donostian egindako bi topaketetatik #FormakuntzaDualaEzagutzen txostena kaleratu genuen. Orain, berau abiapuntu izanda, gazteen beharrak, iritziak eta proposamenak bildu nahi ditugu Formakuntza Dualak gazteen bizitza proiektuan duen eragina aztertzeko. Ostean EAEko administrazio publikoei helaraziko diegu eragina izateko asmoz. Hemen duzu aipatutako txostena:

[PDF] Formakuntza Duala Ezagutzen txostena

2018an jorratutakoari buruz, 2019an identifikatzen ari garenaz edo galdetegian galdetutakoaz ekarpenik izanez gero; zure ikastetxean eztabaida- eta gogoeta-talde bat antolatu nahi baduzu, edo besterik gabe, gehiago jakin nahi baduzu idatzi bizibaldintzak@egk.eus helbidera edo deitu 945220601 (Oihana) zenbakira).

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.