Una mujer fantástica azaroaren 24an Hika Ateneon. Una mujer fantástica el 24 de noviembre - EGK

12 November, 2020

Una mujer fantástica azaroaren 24an

  • Trans* emakumeek bizi dituzten oztopoak aztertuko ditugu #BazterretikErdira zine forumean. Azaroak 24 Hika Ateneon

  • Osasun eta segurtasun arrazoiengatik izen ematea eta musukoa eramatea beharrezkoa izango da. Eman izena hemen!

Estereotipoetatik aldenduta, topikoetan erori gabe eta trans* pertsonen errealitatea modu zintzoan erakusten duten filmak ez dira gehiengoak. Maiz azaldu ohi dira drama batean murgilduta. Kasu honetan, ordea, emakume transexual baten bizitzaren atal beltz bat kontatzen da morbo edo estereotipoetan erori gabe. Horregatik, hautatu dugu Una mujer fantástica (2017) #BazterretikErdira zine forumaren barnean. Azaroaren 24an proiektatuko dugu Hika Ateneon 18:30ean. Eman izena hemen!

Marina zerbitzari gaztea eta abeslari izateko hautagaia da; Orlando inprenta baten jabea da. Biek elkarrekin etorkizun bat nahi dute. Orlando bat-batean hiltzen denean, Marinak bere familiari eta gizarteari aurre egin behar izaten die bera zer den erakusteko: emakume konplexu, indartsu, zintzo eta izugarria. Marinak transexuala izateagatik pairatu behar duen transfobia irudikatzen da (Orlandoren familiaren aberrazioa esaterako), baina batez ere diskriminazio hauei nola egiten dien aurre.

Una mujer fantástica Hika Ateneon

Sebastián Leliok zuzendutako film honek Berlingo Nazioarteko Zinemaldian Gidoi Onenaren Urrezko Hartza irabazi zuen eta 2018ko Oscarretan Ingelesez besteko filmik onenerako izendatu zuten. Leliok esanda, Marinaren papera egiten duen Daniela Vega trans* emakumea izateak pelikulari sekulako bultzada eman zion eta gaia enpatiatik enfokatzea erraztu zuen.

#BazterretikErdira proiektuaren hirugarren hitzordua izango da, eta feminismoarekin eta LGTBI+ kolektiboarekin zerikusia duten gaiak jorratuko ditugu, gazteoi nola eragiten diguten aztertzeko. Hurrengoa eta azkena abenduaren 15ean izango da Priderekin.

Osasuna eta segurtasuna bermatuz

Gogoratu! Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) ekimen eta proiektuak 16-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude. Gainera, EGK-k bertaratzeko erabiliko diren garraio publikoko gastuak ordaintzen ditu.

COVID-19aren ondorioz bizi dugun errealitatea kontuan izanda eta parte-hartzaile guztien osasuna eta segurtasuna bermatzeko EGKtik zenbait neurri hartu ditugu:

  • Edukiera mugatua denez, izen ematea eskertuko dizuegu esteka honetan edo berdintasuna@egk.eus / 615749929 (Irati). Edozein zalantzarekin lasai galdetu.
  • Ekitaldian zehar musukoa beharrezkoa izango da. Eraman ezean ezingo da parte hartu (betiere osasun arrazoiren batengatik ez bada).
  • Administrazioek har ditzaketen neurri zein aholku eta oharrak jarraitu une oro.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.