-
2018an EAEko emakume gazte batek gizonezko batek baino 223€ gutxiago kobratu zituen hilean
-
Gaur, otsailak 22, Emakume eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Europako eguna da. Araudiek babestu arren, hainbat oztopo daude
Emakumeen lan merkaturatzea eman bada ere eta jarduera-tasan gizonezkoekiko ezberdintasuna txikitu bada ere, ukaezina da ez dela berdintasun erreala erdietsi. Horregatik Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) eta 6 elkartetatik* Emakume eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Europako egunaren harira kargu eta ofizio bera betetzen duten pertsona guztiei berdin ordaintzea aldarrikatzen dugu, emankumeen, gizonen eta genero bitarrekoak ez diren pertsonen artean bereizketarik egin gabe.
Emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala dugu jomuga eta, horregatik, azken urteotan hainbat ekimen garatu ditugu, besteak beste, Ibilbide Moreak txostenean bildutakoak. Emakume gazteek lan munduan bizitako egoera eta esperientziak lehen eskutik ezagutu genituen. Ordutik, Gazteen Euskal Behatokiak plazaratutako datuek erakusten duten argazkia eraldatzeko lanean jarraitu dugu.
Emakumeak | Gizonak | |
Batez besteko soldata | 1.212€ (18-34 urte) | 1.336€ (18-34 urte) |
Lan orduak | 33 astean | 39 astean |
Behin-behineko kontratuak | %70,2 | %66,2 |
Lanaldi partziala | %39,6 | %22,1 |
Aldarrikapen eta eskariak
Aipatutako printzipioa Europar Batasunaren oinarrizkoetako bat da eta hainbat araudik babesten dute. Hala ere, berdintasun erreal horren kontra egiten duten hainbat oztopo daude, horien artean; soldata arrakala. Taulak argi uzten duen bezala, 2018an EAEko emakume gazte batek gizonezko batek baino 223€ gutxiago kobratzen zituen hilean. Hori dela-eta, 7 elkarteek manifestuan hainbat eskari bildu ditugu, besteak beste:
- Genero ikuspegia txertatzea: gazteon enplegura bideratutako politika publikoetan ezinbestekoa da. Soilik horrela amaituko da lan-munduan agintzen duen sistema heteropatriarkalari loturiko bestelako diskriminazioekin.
- Sexuka banatutako datu eguneratuak: Beijingeko Nazioarteko Emakumeen konferentzian aldarrikatu zen 1995ean, baina ez da erdietsi oraindik. INEn horrelako datuak egon arren hauek ez daude segregatuak EAE mailan.
- Zigorrak berdintasun eza egoerekin amaitzeko: enpresa pribatu zein publikoei zigor gogorragoak jartzea soldata arrakala ezabatzeko, baita lan berdina egiteagatik soldata berdina jasotzearen garrantziaren gaineko kontzientziazioa handitzea.
- Berdintasun Planak bultzatzea: enpresa eta zerbitzu ezberdinetan garatzea eta bertan ezartzen diren neurriak paperean geratzen ez direla bermatzeko ikuskaritza eta neurriak ezartzea.
Dokumentu honek gazteen artean ematen den soldata arrakalan zentratzen da, errealitatea eta hau ematearen arrazoiak azaleratuz (lan kontratu ezberdinak, batez besteko soldata, lan ordainduan ematen diren ordu kopurua, diskriminazio horizontala eta bertikala…).
Gehiago jakin nahi baduzu edo zure proposamenak helarazi nahi badituzu, idatzi berdintasuna@egk.eus / bizibaldintzak@egk.eus helbideetara edo deitu 944436143 / 615749929 (Irati) edo 945220601 / 688737153 (Oihana) zenbakietara.
*Honako 7 elkarteak atxiki dira dokumentura: CCOO Gazteak, EKO-ACG, Gazte Abertzaleak, Euzko Gaztedi EGI, LSB-USO, Aldarte eta Rebeldía.