Gaur, otsailak 22, Emakume eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Nazioarteko eguna da
2020an EAEko emakume gazte batek gizonezko batek baino 194€ gutxiago kobratu zituen hilean
Pandemiatik geroztik, zaintza lanak duten garrantzia nabarmendu denez, eta feminizaturiko arloa izanik, tendentzia aldaketa eman da non emakumezkoen langabezia tasa gizonezkoena baino handiagoa izateari utzi dion (emakume gazteen %20,5a eta gizon gazteen %23,6 hain zuzen).
Datu hauek erreparatuta berdintasuna lortua dagoela bezala hitz egin daiteke. Baina berdintasun faltsua baino ez da. Tendentzia aldaketa honen epe luzerako ondorioak zeintzuk diren aztertzen joan beharko delako ere. Gainera, langabezia tasa lan prekaritatea eusten duen hanka bat baino ez da.
Izan ere prekaritatearen aurpegia emakume gazte batena jarraitzen du izaten, giza aniztasunaren artean adina eta generoa soilik hartzen badira kontutan, noski.
Lan berdina burutzeagatik emakume zein gizonak soldata desberdina jasotzearen diskriminazio zuzena nahiko gaindituta badago ere, soldata arrakala ematearen arrazoiak ez dira horretan geratzen. Izan ere, lanen nolakotasunari erreparatuz gero, antzeman daiteke nola emakume gazteek sinatzen dituzten kontratuen %68 behin-behinekoak direla, gizon gazteen %57arekin aldenduz. Eta partzialtasuna erreparatuz gero emakume gazteen kasuan kontratuen %37,3 dira partzialak, gizon gazteen kasuan, aldiz, %27,6. Emakumezkoek zaintza lanekin lanaldi bikoitza hartzen dituzte bere gain, kontziliazio hori aurrera eraman ahal izateko, lanaldien murrizketa ematen da askotan. Bi generoek astean ematen dituzten ordu kopuruan antzeman daiteke hori: emakumezkoek 33 ordu eta gizonezkoek 39. Egoera guzti hauek hilabetearen bukaeran gizonezko gazteak eta emakume gazteak jasotzen duten soldaten ezberdintasun horiek markatzen dituzte. Soldata arrakala.
Lan berdina burutzeagatik emakumezkoek gizonezkoek baino %25 gutxiago kobratzen dute.
Ukaezina da berdintasun erreala ez dela bermatzen. Hori dela eta, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) eta 4 elkarteren atxikimenduarekin, Emakume eta Gizonen arteko Soldata Berdintasunaren aldeko Nazioarteko eguna aprobetxatuz, lanpostu berdina betetzen duten pertsona guztiei berdin ordaintzea eta lan-baldintza berdinak izatea aldarrikatzen dugu, inolako bereizketarik egin gabe, emakume, gizonen eta genero bitarraren parte sentitzen ez diren pertsonen artean.
EGKren manifestuaren eskariak eta aldarrikapenak:
Gazteen egoera prekarizatua bada lan merkatuan, emakume gazteen egoera txarragoa da. Kristalezko sabaia, desberdintasun horizontala, partzialtasuna, aldi baterakotasuna, kontziliazioa … errepikatzen diren errealitateak dira.
Hori dela eta, manifestuak biltzen dituen aldarrikapenak ondorengoak dira:
- Gazteen enplegura bideratutako politika publikoetan genero-ikuspegia txertatzea. Hori dela eta, erakunde publikoek baliabideak jarri behar dituzte emakumeek soldata berdinak jasotzeko, lanaldi bikoitzak kentzeko, emakumezkoek eta gizonezkoek aisialdian igarotzen duten denbora berdintzeko, eta lan-munduan agintzen duen sistema heteropatriarkalari loturiko bestelako diskriminazioei amaiera emateko.
- Soldata arrakalaren azterketa egiteko eman beharreko lehenengo urratsa sexuka banatutako datu eguneratuak izatea da.
- Soldata arrakala ezabatzeko enpresa pribatu zein publikoei zigor gogorragoak jartzea, benetako berdintasunera iristeko tresna bezala.
- Erakunde publikoek lan kontratu duinak bultzatzeko neurri efizienteagoak hartzea, gazteen egoera ekonomikoa arintzeko eta etorkizun hobeago bat ziurtatu ahaa izateko, horrek dakartzan arazoei ere konponbidea emateko modua den heinean.
- Ezinbestekoa da Berdintasun Planak bultzatzea eta enpresa eta zerbitzu ezberdinetan garatzea eta inplementatzea. Berdintasun erreala garatzeko neurriak ezartzen direla ziurtatzeko.
- Aldi baterakotasunezko kontratuak murriztea eta kontratu mugagabeak sustatzeko
- neurri gehiago hartzea.
- Partzialtasunarekin bukatzea.
- Kontziliaziorako neurri erreal eta eraginkorrak martxan jartzea.
Gehiago jakin nahi baduzu edo zure proposamenak helarazi nahi badituzu, idatzi bizibaldintzak@egk.eus / berdintasuna@egk.eus helbideetara edo deitu 945220601 / 688737153 (Oihana) edo 943429767 / 615749929 (Irati) zenbakietara.
Elkarte hauek atxiki dira manifestura: CCOO Gazteak, LSB-USO, Emigrados Sin Fronteras, Aldarte