Parte-hartze aktiborantz: Sahara-Euskadi esperientzia-elkartrukea - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

22 March, 2018

Gazteriaren parte-hartze aktiborantz: Sahara-Euskadi esperientzia-elkartrukea

Atzo arratsaldean, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Arabako SEADen Lagunen Elkartearen laguntzarekin, “Gazteriaren parte-hartze aktiborantz: Sahara-Euskadi esperientzia-elkartrukea” ekintza ospatuko zuen Artiumeko Plaza Gelan, Gasteizen.

Jardunaldiaren helburua nagusia Saharar gazteria eta Euskadiko gazteriaren esperientzia-elkartrukea egitea izan zen, gaia gazteon parte hartzea izanik. Jardunaldia hiru zatitan banatu zen: Saharako gazteria ahalduntzen bideoaren proiekzioa, gonbidatu berezi batzuekin osatutako mahai-inguru bat eta dinamika parte-hartzaile bat.

Saharako gazteria ahalduntzen bideoaren proiekzioa

Ekitaldia EGK-k Tindoufen kokatuta dauden errefuxiatuen-kanpamentuetara egindako bidaiaren ondorioak laburbiltzen dituen bideoaren proiekzioarekin hasi zen. Hemen ikus dezakezue!

Mahai-ingurua: Zein zailtasun ditugu gazteok parte-hartzeko?

Mahai-inguruan saharar gazteek gizartean aktiboki parte-hartzeko dituzten oztopo eta erronkei buruz hitz egiteko gonbidatu berezi batzuen testigantzak entzuteko aukera izan genuen. Mahaia Marta Poncek, Arabako SEADen lagunen elkarteko kideak zabaldu zuen. Elkarte honek 80ko hamarkadatik Saharar Herriaren autodeterminazioren alde egin du lan, Mendebaldeko Saharako okupazio eta erbestearen kausak eta ondorioak gizarteari helarazten eta giza eskubideen alde lan eginez. Luchaa Saleh-ek, UJSARIO, kanpamentuetako saharar gazteriaren ordezkariak, bertako egoera lehen eskutik azaldu zigun. Azkenik, Feya Saleh-ek, Euskadiko ikasle gazteen ligatik, diasporako saharar gazteen ikuspuntua elkarbanatu zuen. Hirurek esperientzia pertsonaletik abiatuz, elkartegintzaren bitartez landu daitezkeen arazo edo gaiei buruz hitz egin zuten.

World Te dinamika parte-hartzailea

Jardunaldia dinamika parte-hartzaile batekin bukatu genuen, World Te, non publikoko jendea talde txikitan bildu genuen elkarrizketa sare informalak osatzeko, komunikazioa ahalbidetzeko, baita esperientziak trukatzeko ere. Gazteon parte-hartzea ahalbidetzeko proposamen eta errefortzuak aurkitzeko balio izan zigun.

EGK Saharan

Pasa den urtean EGK-k, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluarekin (CJN-NKG), Kataluniakoarekin (CNJC) eta Espainiako Gazteriaren Kontseiluarekin (CJE) batera, Tindouf probintzian kokatutako Saharako errefuxiatuen kanpamentuak bisitatu zituen formakuntza bat emateko. Gazte kontseiluek elkartegintzan eta parte-hartzean egiten duten lana Saharako gazteei helarazteaz gain, formakuntzaren helburua hauek egunerokotasunean aurkitzen dituzten erronkei aurre egiteko tresnak ematea zen.

Azkenik, bertan egindako lana gizarteratzeko bideoa aurkeztu genuen atzo Gasteizko jardunaldian! Zure iritzia eman nahi baduzu edo EGK-k Saharan egindako lanaren gainean gehiago jakiterik nahi baduzu, jarri zaitez gurekin kontaktuan! bakea@egk.org edo deitu 943429767.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.