Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Plentziako Ermitatze gaztetxearen utzaraztea salatu du

10 August, 2011

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Plentziako Ermitatze gaztetxearen utzaraztea salatu du

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Plentziako Ermitatze gaztetxearen utzaraztea salatu du

Elkarte plataformak gazte eta herritarrei babesa adierazi die

Bilbon, 2011ko Abuztuaren 10ean. Urte hasieran Plentziako Andra Mari kaleko 1 zenbakiko etxean sartu ziren Plentzia eta Gorlizko Gazte Asanbladako (PGGA) kideak, bertan gaztetxea egiteko asmoz. Ordutik, erabili gabe zegoen espazio horretan, bideo-emanaldiak, solasaldiak, autodefentsa tailerrak, kuadrilen arteko harremanak, herriko ihauteriak eta inguruko lehenengo ortu herrikoiaren egokipena,… antolatu dituzte gazteek.

Urtarrilaren 7an, baina, okupatutako etxeraino gerturatu zen Ertzaintza. Jabeak salaketa jarria zuela eta, bertan zen neska-mutilen artetik zazpi identifikatu zituzten ertzainek, eta horiei guztiei epaiketa azkarra egin behar zietela esan. Apirilaren 14an agertu behar izan ziren epailearen aurretik. Aurrebista amaituta ordea, gazteen kontrako prozesu penala artxibatu egingo zuela jakinarazi zien letraduei magistratuak. Behin-behineko hustuketa arriskua ere usatu egin zuten orduan, horrelako eskaerarik ez baitzen egon. Zortzi hilabeteren ostean kaleratu egin dituzte desalojo agindua komunikatu baino arinago eta errekurtsoa aurkezteko aukerarik gabe. Horrela, astelehena 8, Gorlizko Andra Mari jaien biharamuna, ez zen batere samurra suertatu inguruko gazteentzat, 9:30ak aldera ekimena eta lana bertan behera geratu baitziren.

Horregatik, Ermitatze gaztetxearen hustearen aurrean, honakoa hau adierazi nahi du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK):

• “Egungo errealitateari so eginez, geroz eta gazte gehiago daude bere aisiaren autogestioa bilatzen dutenak, euren ekintzak antolatuz eta garatuz, haien elkarbizitzarako haienak diren espazioak bilatzen dituztenak. Marko instituzionaletik askotan eskaini izan dira gizarte-etxeak bezalako guneak, baina horietan sarritan arazoak egon ohi dira 15-30 urte bitarteko gazteak gizarte antolaketa eredu horren barne sentitzeko.

• Egoera horren aurrean, gaztetxeak gazte partaidetzaren eta antolakuntzaren gune sustatzailetzat jotzen ditugu: euren erabakietan eta funtzionamenduan autonomiaz jokatzeko apustu eginez, diru-laguntzen eta epeen menpekotasunik gabe. Gazte kopuru handi baten partaidetza eta antolakuntza sustatzeari begira baliagarriak diren ereduak dira, beraz; hori dela eta, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik eta arrazoiketa eta antolabide horretan oinarrituta, aipatutako dinamika hori gazteria partaidetza eredu egokitzat jotzen dugu; babestu beharreko espazioak dira gaztetxeak.

• Justuagoa, irekiagoa eta anitzagoa izango den jendarte baten aldeko apustua egiten dugu. Gizarte zibilaren indartzearen aldeko apustua, eraldatzaileak izango diren alternatiben aldekoa, tokian tokiko garapenaren aldekoa izanik eta gazteak diren pertsonen erabateko partaidetzaren nahiz hiritartasunaren aldeko apustua egingo duena. Horrekin batera, aldaketarako eta gizarte ekintzarekiko zaletasunaren eta demokrazia parte-hartzailearen aldeko apustua egiten dugu ere. Hori guztiagatik, gaztetxeak ezinbestekoak direla uste dugu”.*

Guzti honengatik, Ermitatze gaztetxearen utzaraztearen kontra eta gaztetxeen alde lanean jarraitu eta antolatzen diren mobilizazio zein dinamiketan (akanpaldian, osteguneko gazte egunean,…) parte hartzeko deia egiten du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak.

Animo eta aurrera, gazteak!

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

*Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko 22. Batzarrean elkarteek adostutako testua.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.