Donostian emantzipatzea posible al da? ‘Milaka Elkarbizitza’ topaketa azaroaren 7an. Hiruburu ‘Milaka Elkarbizitza’ el 7 de noviembre en Donostia - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

21 October, 2019

Donostian emantzipatzea posible al da? ‘Milaka Elkarbizitza’ topaketa azaroaren 7an

  • Kutxa Kultur Plazan batuko gara 17:30ean gazteon emantzipazioa errazteko neurriak diseinatzeko

  • Hiruburu honetan gazteak, politikariak eta teknikariak batuko gara Donostiarako proposamenak egiteko

Gazteok emantzipatzeko ditugun zailtasunen aurrean (alokairu burbuila, diru sarrera finkorik ez, etxebizitza eredu urriak) bestelako ereduak ere aztertu beharra dago. Emantzipatzeko ohiko ereduak ez dute ahalbidetzen bizitza-proiektu autonomoa abiatzea. Izan ere, gazteon egoerari eta bizitzako fase desberdinei moldatu beharrean, familia eredu tradizionalaren beharrei erantzuten diete.

Bestelako ereduak aztertzeko, gazteon beharretara egokitzen diren ala ez ikusteko eta Euskadin martxan jarri direnak gertuagotik ezagutzeko ‘Milaka elkarbizitza’ Hiruburua ―gazteak, kargu politikoak eta teknikoak gai zehatz bat jorratzeko mahai baten inguruan elkartuko dituen eztabaida-dinamika― antolatu dugu Udaleko Donostia Gazteriarekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Horretarako, Txirikorda proiektuko kideak izango ditugu emantzipatzeko jarraitu duten belaunaldi arteko elkarbizitza esperientzia gurekin banatzeko. Hitzordua Donostian azaroaren 7an 17:30ean Kutxa Kultur Plazan (Tabakalera, 4. solairua) izango da. Eman izena hemen!

Milaka elkarbizitza Hiruburua

Topaketa honen bitartez 2018an antolatutako #GaztEmantzipazioa jardunaldiari jarraipena eman nahi diogu. Iaz gentrifikazioa eta turistifikazioak duten eragina mahai gainean jarri genituen, baita hauek alokairuan eta gazteon emantzipazioan dakartzaten ondorioei irtenbidea ematearen beharra arazoa kronifikatu aurretik. 2019an zehar ohiko alokairu pribatutik edo jabetzatik aldentzen diren ereduetara gerturatu gara: etxebizitza kolaboratiboak, etxebizitza solidarioak, alokairu soziala edo belaunaldi arteko elkarbizitza, besteak beste.

Orain arte jorratutakoa zurekin kontrastatu eta osatzeko asmoz, Donostiako Udalak gazteei bideratutako etxebizitza-programa aztertuko dugu eta, administraziotik bidera daitezkeen programa berritzaileen eredu modura, Usurbilgo Udalaren Txirikorda proiektua izango dugu. Honek belaunaldi arteko elkarbizitza sustatzen du. Hau da antolatu dugun egitaraua:

  • Lehenik, bertaratuok egun gazteok etxebizitzarekin dugun harremanaren diagnosia garatuko dugu eta Txirikorda proiektua azalduko digute Usurbilgo alkateak eta Hiritik At kooperatibako kideek.
  • Ostean, World Café bitartez hiru ardatz landuko ditugu: Donostiako Udalaren neurriak, belaunaldi arteko eredua eta Donostiarako proposamen baten sorrera.

Asistentzia berrestea eskertuko genizuke, ondorengo telefono zenbakira deituz 944436143/688737092 (Luisa), etxebizitza@egk.eus helbide elektronikora idatziz edota galdetegi hau betez.

Gogoratu! Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) ekitaldiak 18-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude. Gainera, EGK-k bertaratzeko erabiliko diren garraio publikoko gastuak ordaintzen ditu.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.