-
Txostenean gazteek migratzaileei buruz pentsatutakoa eta nola antzematen dituzten aztertu dugu
-
2020an zehar egingo den lanaren abiapuntu izango da
Bizitzako aro ezberdinetan leku batetik bestera mugitzeko arrazoiak ugari dira. Are gehiago historiako garaiaren arabera. Argi dagoena da ia lurralde orok hartu dituela berean beste herrietatik etorritakoak. Edo ia edonork ezagutzen duela beste toki batera joan den pertsonaren bat. Hala ere, mugikortasun eta aniztasun hori ez da beti modu baikorrean ulertu. Erresistentziak sortu dira eta hauen zergatia aztertu dugu Migratzaileei buruzko aurreiritziei planto! txostenean.
2019ko ekainean Gasteizen egindako ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza Idazkaritza Nagusiarekin eta Gasteizko Udalarekin elkarlanean antolatua, gazteek migratzaileei buruz pentsatutakoa eta nola antzematen dituzten aztertu eta hausnartu genuen. Gaur jorratutakoaren emaitza aurkezten dugu: batetik, askotan nahasten diren kontzeptuak argitzeko oinarri teorikoa; bestetik, garatutako dinamikan identifikatutako erronkak; eta, azkenik, garatutako eskaera eta proposamenak.
Migratzaileei buruzko aurreiritziei planto! txostena
Gai bat jorratzean, hau edozein dela ere, oso garrantzitsua da terminoak ongi erabiltzea informazio nahasmena eta gaizki ulertuak sor ez daitezen. Esaterako aurreiritzi eta estereotiporen arteko ezberdintasunak edo migratzaile, errefuxiatu eta etorkin terminoen adierak zein diren. Hori argi izatea garrantzitsua da arazoei aurre egin edo behinik behin planto egiteko. Txostena eta bere egiturari buruz hemen duzu informazio gehiago. Egun dauden zenbait aukera zerrendatzen dira txostenean. Honakoa da dinamika parte-hartzailean bertaratutakoek mahai gainean jarritakoa:
- Lanketaren beharra: gazteei zuzendutako proiektu zehatzekin eta hirietatik at ere.
- Erreferenteen beharra: aurreiritziei aurre egiteko ereduak eta, behin hauek topatuta, praktika egokiei jarraipena ematea.
- Espazio gehiago: aurreko biekin estuki lotuta, bizikidetza sustatzeko dinamikak eta proiektuak behar dira. Oso garrantzitsua da hauetan aniztasuna bermatzea eta paternalismo jarrerarik ez egotea.
- Zeharkakotasuna: gizarte osoaren inplikazioa behar da, hirigintzaren ikuspegitik ghettoekin amaitzeko eta saretze horren bitartez harremanak sortzen direlako.
Landutako guztia 2020ko ekimen, proiektu zein lantaldeko bileretan abiapuntu izango da. Mugikortasunak eta migrazio mugimenduek gizartea anitzagoa eta, beraz, aberatsagoa egiten duela uste dugu, baina ukaezina da aipatutakoa ez dela ikuspegi bakarra eta gizarteko zenbait estamentu edo taldetan bestelako usteak zabaldu direla. Batzuetan arriskutsuak.
Zuk ere bide hau egiten lagundu nahi bagaituzu edo informazio gehiago jakin nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan. Idatzi iezaguzu bakea@egk.eus helbidera edo deitu 943429767 / 688737097 (Leire) zenbakietara.