Memoriaren Egunaren harira aterako diren 12 istorioak

4 November, 2015

EGK-k terrorismoa edo biolentzia politikoa jasan duten 12 gazteen istorioak zabalduko ditu Memoriaren Egunaren harira

EGK-k ekintza berezi bat prestatu du azaroaren 10eko Memoriaren Egunaren harira. Otsailetik gaztez osaturiko bake taldea lanean dabil eta proposamen bat prestatu dute gazteen artean hausnarketa bultzatzeko asmoz: “Euskadin azken hamarkadetan bizi izan dugun terrorismoa eta biolentzia politikoaren ondorioz egon eta egun dauden biktimen profil orokorrak sare sozialetan partekatzea, informazio-kate baten bitartez”. Horretarako azaroaren 5etik 15era, gure gizartearen iragana eta orainarekin lotura duten 12 istorio zabalduko dira egunero arratsaldeko 18.00etan, EGKren Facebook eta Twitter-rean. Honen bidez beste gazteen interesa piztu eta istorio hauek euren sare sozialetan elkarbanatzeko helburuarekin.

“Gazteok badugu zer esan memoriaren irakurketa eta idazketan; guk ere badugu iragana eta, hau ahaztu gabe, orainean gure lekua bilatzen dugu gure ikuspuntua entzuna izateko”. Gazte hauek argi dute “memoriak ugariak eta anitzak” direla, “baita korapilatsuak eta mingarriak ere”, baina horren gainean hiritarrei helarazi nahi diete “orainan gizarte ezberdin bat eraikitzeko elkarrekin gaudela” eta horretarako indarrak eta gogoak dituztela.

Egun hauetan argitaratuko diren istorioak biktima ezberdinen profil orokorrak izango dira, lan taldeko kideek sortutakoak. Zer esan nahi du horrek? Kontatuko diren istorioak antzeko biktimen bizipenetatik ateratakoak izango direla, baina ezin izango dira biktima zehatz batekin lotu, hau da, ez dute izen-abizenik izango. Gazte askok indarkeria egoerak bizi izan dituztenez, batzuk identifikatuak senti daitezke.

Laburbilduz, hauek dira ekimenaren helburuak:

  • Azaroaren 10ean Memoriaren Eguna dela gazteen artean zabaltzea eta honen beharra eta zentzua ikustaraztea.
  • Iraganarekiko aitorpena sustatzea: gertatutakoa, memoria eta biktimak ez ahazteko eta egoera berdina errepika ez dadin.
  • Hartzaileengan erantzuna sortzea: gazteengan hausnarketa bultzatu eta kontzientziaraino iritsi.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.