Maialen Olabe berraukeratu eta Batzorde Iraunkorra berritu ditugu

14 March, 2017

Maialen Olabe berraukeratu eta Batzorde Iraunkorra berritu ditugu

Pasa den larunbatean, martxoaren 11ean, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) 37. Batzar Orokorra ospatu zuen Bilboko La Bolsa auzo etxean (John Jauregian). Egun oso garrantzitsua da guretzat, bertan batzen baitira EGK osatzen duten 57 elkarteak hainbat erabaki garrantzitsu hartzeko. 2016ko ekainean Donostiako Udaletxeko Udalbatza Aretoan egindako Ezohiko Batzarrean Maialen Olabe Aguirre (Bizkaiko Gaztetxoen Koordinakundea) presidenta izendatu zuen elkarteen plataformak eta 37. Batzar Orokorrean beste bi urterako berretsi dute erabakia.

Batzorde Iraunkor berria

Era berean, EGK-k bi urtean behin egin behar duen bezala, Batzorde Iraunkorra berritu zen. Hurrengo bi urteetarako eratutako Batzorde Iraunkorra honakoa da:

  • Presidenta: Maialen Olabe Aguirre (Bizkaiko Gaztetxoen Koordinakundea)
  • 1. presidenteordea: Iulia Caraseva (Mujeres Jóvenes de Euskadi)
  • Idazkaria: Mikelats Ochoa de Chinchentru (JSE-EGAZ)
  • Diruzaina: Aimar Rico (Uzturre Gazte Bilgunea)
  • Bokalak: Eusko Gaztedi, Kale Dor Kayiko, Gazte Kanpusa, Gazte Abertzaleak eta Alevines Vascos

Diskurtsoa osatu eta berritua

37. Batzar Orokorrean, EGK-k“Gazteon giza eskubideen urraketak deitoratzeko protokoloa”, “Indarkeria Matxista eta Indarkeria LGTBI+fobikoaren aurkako protokoloaren” berrikuspena eta “Emakume eta gizonen arteko Berdintasunerako I. Plana (2017-2020)” onartu ditu. Era honetan, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) bere diskurtsoa osatu eta berritu du egun gazteriarentzat garrantzizkoak diren gaietan.

Gazteon giza eskubideen urraketak deitoratzeko protokoloa” dokumentuaren helburua “gaztearen jatorria, kultura, erlijioa edo ideologia politikoa” oinarri duten Giza Eskubideen urraketak deitoratzea da urraketa eragiten duena eragile, gazte-talde edo gaztea izanda ere.

Era berean, 2016an izandako Indarkeria Matxista kasu ugarien harira, protokoloa birformulatu da “gazteriaren Indarkeria Matxista eta Indarkeria LGBTI+fobikoko kasuak ematen direnean salaketa publikoa era egituratu batean egitea” baimentzeko.

Hirugarrenik, EGK-ko “Emakume eta gizonen arteko Berdintasunerako I. Plana (2017-2020)” onartu da aho batez. Txosten honen bitartez neurri zehatzak eta jarraipen eta ebaluazio jarraibideak egituratu dira. Helburu nagusia Berdintasuna “zeharkako balore gisa ezartzea” eta “enpresa-arloko hainbat eremu genero ikuspegitik kudeatzea” da.

Memoria eta balantze ekonomikoa batzarrak onartu ditu ‪#EGK37 #BatzarOrokorra ‬

Una publicación compartida de Gazteriaren Kontseilua (EGK) (@gaztekontseilua) el

Horretaz gain, EGK osatzen duten elkarteek proposamenak aurkeztu zituzten. Batzarrak bozkatu ostean honakoak onartu dira:

  • Batzorde Iraunkorrak Batzorde Iraunkorra bera arautzeko proposamena aurkeztu zuen. Barne erregelamendua garatuko da orain.
  • Gazte Abertzaleak elkarteak Nafarroako Gazteriaren Kontseiluarekin (NGK) elkarren arteko lankidetzarako gune baten sorrera proposatu du. Proposamena ‘Triangle Jove’-ko harreman-ereduan oinarritutako lankidetzarako markoan oinarritzen da. Hemen informazio gehiago
  • Ekintza Katoliko Orokorra Bizkaia elkarteak elkarte ikuskarien parte-hartzea aldatzeko proposamena aurkeztu zuen. FVJEren zuzenketa onartu ostean gaia aztertzea eta lantzea onartu da.
  • Ezker Anitzak Hezkuntza sistemari buruzko proposamena aurkeztu du.

Ander Añibarro, Eusko Jaurlaritzako Gazteria saileko zuzendaria izango dena eta Maitane Leizaola, Bizkaiko Foru Aldundiko Behatokiko zuzendaria batzarrean ere egon dira eta bertaratu diren taldeetako ordezkari eta gonbidatuekin hitz egiteko aukera izan dute. Euren interbentzioan EGKrekin izandako eta izango den harremana azpimarratu dute, gazteekin zuzenean hitz egiteko eta euren iritzia jasotzeko aukera delako.

Azkenik, hemen duzu eguneko argazki-galeria eta hedabideetara bidalitako prentsa-oharra. Edozein proposamen, ideia edo bestelakorik baduzu idatz iezaguzu egk@egk.org edo komunika@egk.org helbide elektronikoetara edo deitu hauetako telefono zenbaki batetara. Eta zure elkartea EGK-ko parte izatea nahi baduzu hemen duzu informazio guztia.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.