Lanpostuan zendu den gaztearen heriotza salatu dugu

Lanera bidean zihoan gaztearen heriotza salatzen dugu

Prekaritateak pertsona gazteen osasuna kaltetzen duela azaldu du gazte-elkarguneak.

Gasteizen, 2020ko urtarrilaren 9an. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) gazte langile bat lanera bidean zendu izana salatu du prentsa ohar baten bitartez. 25 urteko Gestamp enpresako langilea urtarrilaren 8an zendu zen Mercedesen gaueko txandan lan egin ondoren etxera zihoan bidean kotxe-istripu baten ondorioz. Dirudienez, bi autok aurrez aurre jo zuten elkar, eta kolpearen ondorioz bi gidariak auto barruan geratu ziren harrapatuta, suhiltzaileak erreskate lanetan aritu behar izan zirelarik. Gaztea, kolpearen ondorioz, hil egin zen.

Gazteariaren Kontseiluak bere “atsekabea” adierazi du eta “familia eta lagunei besarkada bat” bidali nahi izan die. “Beste behin ere, gazte batek lanean zegoela bizitza galdu izana” deitoratu du EGK-k.

Gazte elkarteen sareak azaldu duenez, “prekaritatea eta lan baldintza kaskarrak lan-istripuen, lan-gaixotasunen eta lan-osasunaren okertzearen zergati zuzen bat dira”.

Hori dela eta, Gazteriaren Kontseiluak “gazteriaren lan baldintza prekarioak hobetu ordez, azken urteetan nabarmenki kaskartzen ari direla” ohartarazi du. Horretaz gain, “egoera honek gazteen osasun fisiko eta mentalean eragin kaltegarriak dituela eta lan istripuak zein prekaritatearekin harremana duten gaixotasunak pairatzeko aukerak areagotzen dituela” gehitu du.

Ildo honetan, EGK-k “gazteen lan egoera latza islatzen duten estatistika kezkagarriak” gogoratu ditu:

  • Langabezia: % 19,7 (2019ko I. hiruhilekoan)
  • Behin-behinekotasuna: %47,6 (2017)
  • Gain-kualifikazioa: %52,7 (2015)
  • Batez besteko soldata: 1.093€ (2017)
  • Emakume eta gizon gazteen arteko batez besteko soldata ezberdintasuna: emakume gazteek 1.025€ eta gizon gazteek 1.157€

Iturriak: Gazteriaren Euskal Behatokia, Eustat, Observatorio Joven de la Emancipación.

Bestalde, “lan baldintza prekarioen lista honi” normalean estatistikoki neurtzen ez diren beste errealitate batzuk gehitu nahi izan dizkio, hala nola, “gehiegizko lan kargak, ordutegi txarak, negoziazio kolektiboa oztopatzen duten lanpostuak, ezkutuko ekonomiaren lanpostuak, mugikortasun geografiko handia eta azpikontratazioa”.

Ezegonkortasun eta urrakortasun egoera hau “gazteek duten langabeziaren estaldura txikiagoa eta diru sarrerak bermatzeko laguntzak jasotzeko dituzten zailtasun handiagoengatik” areagotzen dela azaldu dute. Horrek, “enplegu batzuetan ezartzen diren gehiegizko baldintzen aurrean babesik gabe uzten ditu” . Horrela ba, besteak beste, “osasun estaldura txikitu eta langileria babesik gabe utzi duten azken lan eta osasun erreformen ondorioz, gazteria gero eta egoera txarrago batean dago”.

Lan osasuna eta gazteriaren enpleguaren sustapena

Bestalde, gazteen lana sustatzeko gailendu diren estrategiak ez dutela egoera hau hobetzen lagundu dio Kontseiluak. Alde batetik, “kezkagarria da gero eta gehiago kontratazio formula bereziak sustatzea (praktikak, bekak…). Formula hauek langileen eskubide sozioekonomikoak murriztean oinarritzen dira eta, askotan, ez dute enpresarekiko lan harreman bat ezartzen eta, beraz, egoera hauetan ematen diren lan istripuek ez dira estatistika ofizialetan ageri”.

Horrela ba, adierazi dute “ez lan emigrazioa eta ezta autoenplegu/ekintzailetza ez daudela gazteak lan eskubide berdinekin enplegu bat lortzeko pentsatuak”. Besteak beste, “estrategia hauei loturiko arrisku asko ez direla azaleratzen” azpimarratu dute.

Hobekuntza proposamenak

Agertoki honen aurrean, Administrazioari “lan osasunaren arautegia betearazi eta lan ikuskaritzak sustatu ditzala” eskatu dio EGK-k. Horretaz gain, hurrengo neurriak hartu ditzan eskatu dio:

  • Langileria modu larrian kaltetu duten azken lan erreformak bertan behera utzi, lanaren desintentzifikazioa sustatzeko neurriak martxan jarri eta behin-behinekotasuna, azpikontratazioa eta ordu estrak mugatu.
  • Negoziazio kolektiboaren egoera lehengoratu eta gazteriaren parte-hartze sindikal eta laborala sustatu, horretarako baldintza egokiak eta bideak eskainiz.
  • Laneko gaixotasunen antzemate eta prebentzioan Osakidetza eta Osalanen parte-hartze handiagoa, bai eta prekaritatea eta langabeziarekin loturiko gaixotasunetan ere.
  • Kontratazio formula berezien gaineko kontrol eta ikuskaritza gehiago. Horretaz gain, lanpostuak behar duen kualifikazioa eta enpresak langileari eskatzen dion ikasketa eta beharren mailaren arteko oreka sustatzeko neurrien garapena, eta enpresak lanposturako garrantzizkoa den formazioa erraztea, horretarako beharrezko bitartekoak jarriz (denbora eta dirua).
  • Zaintza lanen onarpena eta erregulazioa.
  • Lan jardunaldiaren ordu jaitsiera.

Bere aldetik, Gazteriaren Kontseiluak gazteek bizi duten lan prekaritatea salatzen jarraitzeko eta “lan-istripuekin amaitu eta gazteen lan osasuna sustatuko duen gizarte ahotsa” artikulatzeko bere konpromisoa berretsi du.

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua
Consejo de la Juventud de Euskadi
“gazteok egina, gazteontzat!”

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.