langile heriotza

28 July, 2010

Gazteriaren Kontseiluak lan-istripuz zendu den arabar gaztearen heriotza salatu du

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) atzo arratsaldean Aberinen (Nafarroa) gertatutako lan-istripua salatu du gaur goizean, prentsa-ohar bitartez. Ezbeharrean 27 urteko langile arabar bat hil da, eta 29 urteko beste gazte bat zauritu da.

Heriotza honekin, lau dira azken bi hilabeteetan Euskadin (edo etxebizitza Euskadin zutelarik) lan-istripuz zendu diren gazteak, elkarte-plataformak zehaztu duenez. Ekainaren 1ean, 25 urteko nekazari bat zendu zen Gaubean (Añana). Handik gutxira, ekainaren 22an, 21 urteko beste gazte bat hil zen, Araiako Nestlé multinazionalean (Miko zaharra). Hurrengo zorigaitza Zaurautzen gertatu zen duela bi aste, uztailaren 16an; Orduan, 19 urteko portugaldar batek bizia galdu zuen.

Atzokoan, “beste behin ere, biktimak pertsona gaztak dira”. Eta hori, EGKren hitzetan, “ez da kasualitate hutsa”. Azaldu duenez, gazteek gainerako langileek baino bi aldiz lan-ezbehar gehiago sufritzen dituzte. Osalanen azken datuen arabera, 2008an 16 eta 34 urte bitarteko langileen %4,12ak istripuren bat jasan izan zuen, guztizkoaren ia bikoitza (%2,2). Gazte erakundearen arabera, gazteriak pairatzen duen “estatistika beltz” horrek azalpen garbi bat du: langileek eta, batez ere, gazteek, sufritzen dituzten lan baldintza prekarioak.

Bestalde, aurten Euskadi eta Nafarroako lehenengo sektorean lan-istripuz gertatutako bosgarren heriotza da hau. Lehenengoa urtarrilean izan zen, Urdiñaben (Bizkaia). Martxoan beste langile bat hil zen Donostiako Zabalegi nekazal-eskolan.
Zerrenda beltza berriro luzatu zen ekainean. Orduan, beste bi nekazarik galdu zuten bizia, Gaubean (Araba) eta Urrozen (Nafarroa). Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren arabera, “zorigaiztoko jario hau ez da kasuala”; haatik , “gaur egungo nekazal-politikekin zerikusia du”. Izan ere, “nekazaritza produktibista eta industriala bultzatzen baita eta, horren eskutik, gehiegizko lan-jardunaldiak eta seguritate neurri faltak (autoenplegua nagusi den sektore batean)”.
Testuinguru honetan, EGK-k lan-osasunaren arloko araudia betearazi dezan eskatu dio Administrazioari. Horrez gain, hurrengo neurriak abiatu daitezen aldarrikatu du:

• Lanaldi murrizketa.
• Ez ohiko kontratazio formulen gaineko ikuskaritza eta kontrola areagotzea.
• Esku hartze handiagoa Osakidetzaren partetik gaixotasun laboralen antzemate eta tratamenduan.
• Enpresetan, lanaren des-intentsifikaziorako neurriak martxan jartzea.
• Lanpostu bat betetzeko eskatzen den kualifikazioa eta lan hori garatzeko beharrezkoa denaren arteko oreka mantentzeko kontrol mekanismoak ezartzea.
• Azpi-kontratazioa eta behin behinekotasuna mugatzea.
• Aparteko orduekin bukatzeko neurriak abian jartzea.
• Zaintza lanen aitortza eta arautzea.
• Goi mailako ikasketak eta lana modu jasangarrian bateragarri egiteko bitartekoak eskaintzea.
• Enpresek gazteen parte hartze laborala eta sindikala ahalbidetzea, horretarako baldintzak eta bitartekoak eskainiz.
• Enpresek lanpostuaren onurarako izan ohi diren jakintzetan trebatzeko bitartekoak (denbora eta dirua) bere gain hartzea.
• Kontratazio sisteman langileen negoziaziorako gaitasuna arautzea.
• Ordezkapen kontratuak bultzatzea.

Bere aldetik, Gazteriaren Kontseiluak gazteek bizi duten lan prekarietatea salatzen jarraitzeko eta “izurrite honekin amaituko duen gizarte ahotsa” osatzeko bere konpromisoa azaldu du.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.