Gazteok pairatzen dugun prekaritatea normalizatzen ari den egoera da, baina onartu ezin daitekeen errealitatea izanik, aurten ere, gaur, urriak 7, Lan Egokiaren Nazioarteko Egunean, 8 elkarte atxiki diren manifestua kaleratzen dugu, lanpostu bat kalitatezkoa izateko egiten diogun eskakizunak nabarmentzeko.
Gazteon enplegu egoera langabezia-tasarekin batzen da soilik, hau kontuan hartzekoa bada ere, prekaritatea haratago doa, eta okerragoa da. Izan ere, Gazteen Euskal Behatokian argitaratutako aurreko urteko datuen arabera, (2020. urtea) gazteon artean jarduera tasa %47,8koa da , eta aldiz, desenplegua %22koa. Datu hau maiz gaurkoratzen da, eta aplikatzen den politika publikoetan kontuan hartzen den nagusienetarikoa da, hau kontuan izanik enplegarritasuna sustatzea eta lanpostuak sortzearen helburuan jartzen da enfasia.
Baina enplegarritasuna eta kalitatezko enplegua beti ez datoz bat, izan ere, behatokitik publikaturiko beste datu batzuk kontuan izanda, gazteon lortzen ditugun lanpostuen baldintza kaxkarrak adierazten dira:
- Batez besteko soldata: 1.185€ (2019)
- Aldibaterakotasuna %62,6 (2020)
- Lanaldi partziala %32,5 (2020)
- Gain kualifikazioa %32,3 (2020)
- Kontratu gabe %5,6 (2017)
- Soldata arrakala (18-34 urte artekoak): Emakumeek 1.219€ eta gizonez 1.441€ (2019)
Ezinbestekoa da egoera honi buelta ematea eta benetazko kalitatezko lanpostuak sortzea, gazteok gure bizitza proiektua martxan jarri ahal izateko. EGk lan baldintza duin eta egokien alde egiten jarraituko dugu. Honen inguruko aldarrikapen, ekarpen zein ideiarik izatekotan sare sozialetan partekatzera animatzen zaitugu ere #LanEgokia traola erabiliz. Nahiago izatekotan emailez ere idatzi ahal diguzu bizibaldintzak@egk.eus hebide elektronikora.
*Manifestu honetara 8 elkarte atxiki dira: Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK), CCOO Gazteak, Emigrados Sin Fronteras, Euzko Gaztedi, Rebeldía Euskadi, LSB/USO, Lan Mundua – Pastoral Obrera eta
EKO-ACG