Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) hezkidetza landu nahi izan da, EAEko gazteriak honekiko dituen ezagutzak, esperientziak eta proposamenak zeintzuk diren jakiteko. Horretarako, 2019an BerdinHezi: hezkidetzarako lehen urratsak izeneko dokumentua sortu zen, hezkuntza formalean ematen den hezkidetzari buruz gazteek dituzten iritzi eta ezagutzak lantzeko.
2020an urrats bat eman eta hezkidetza astialdian nola ematen den jakin nahi izan da. Horretarako, lehenik eta behin, astialdian murgilduta dauden gazteei zuzenduriko galdetegi bat egin da eta, ondoren, astialdiko talde ezberdinekin bildu da gai honetan sakontzeko asmoz. Bertan, zenbait hausnarketa, iritzi eta jada praktikan ematen diren errealitate edo ekintza jaso dira, honek etorkizunerako proposamen bidea ireki duelarik. Saio hauetan gainera, egoera errealei erreparatuz eta praktikari erreferentzia eginez atera dira ondorioak. Hausnarketa taldeen eguneroko premietara edo jardunera eraman eta etorkizunerako hobekuntza proposamenak maila praktikoan landuz.
Txostenaren egitura
Dokumentuan zehar, lehenik eta behin, hezkidetzarekin loturiko kontzeptu teorikoak azaldu dira, teorikoki gaian kokatzeko. Ondoren, egindako galdetegi eta eztabaida saioetako informazioa bildu eta analisi bat egin da.