#Plazandre ekitaldian jorratutakoaren emaitza jada ikusgai! - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

Eragin #Plazandre txostena

Patriarkatuak emakumeak eremu pribatuan mantendu izan ditu historikoki. Zentzu honetan, emakumeek sozialki izaki pribatuak izan dira. Hori dela-eta, oraindik ere, gizonezkoak dira espazio publikoetako epizentroa. Plazagizonak alegia. Errealitate honi erreparatzeko eta emakumeek espazio publikoan dituzten parte hartzeko esperientziak biltzeko asmoz, Eragin #Plazandre txostenak ondorengo puntuak lantzen ditu:

  • Nola ikusten dute euren burua parte hartzerakoan?
  • Zerk baldintzatzen du parte-hartzea?
  • Kristalezko sabaia parte-hartzean.
  • Eta gizonek, nola egin behar lukete aldaketa?

Ekitaldian bildutakoaren arabera, emakume bakoitzak bizipen anitzak izan arren, bada denek amankomunean bizi duten prozesu bat: gizonak imitatuz sartzen dira espazio publikora. Hori dela-eta, espazio publikoetan erosoago eta ahaldunduago egoteko tresna posibleak biltzen ditu txostenak: heziketa, sentsibilizaziotik abiatuz emakumezko erreferentziak sortzea, politika publikoak garatzea, saretzea eta parte hartzeko modu berriak aitortzea

Beste behin ere eskerrak eman nahi dizkiegu Miren Amuriza Plaza, Oihana Etxebarrieta Legrand, Maialen Gurrutxaga Uranga, Danele Sarriugarte Mochales, Zuriñe Hidalgo Alonso, Laura Chamorro Navarro, Erika Olaizola Eizmendi eta Janire Azkueta Borlaff-o lehen dinamikan liburu ‘bihurtzeagatik’ eta bigarren atalean hobekuntza proposamenk aurkitzen laguntzeagatik. Egunean egindakoaz gehiago jakin nahi baduzu, hemen duzu unean uneko jarraipena, ateratako argazkien galeria, ekitaldi amaieran grabatutako azalpena bideoa eta hedabideetara bidalitako prentsa-oharra.

Eta zuri, zer iruditu zaizu? Zein izan da zure esperientzia orain arte? Txostenean identifikatutakoarekin bat zatoz? 2019an eta hurrengo urteetan gaia jorratzen jarraitzea da gure asmoa, arazoa identifikatu ostean irtenbideak bilatu eta gizarteratzeko. Edozer gehitu nahi baduzu, ez izan zalantzarik eta idatzi berdintasuna@egk.eus edo partehartze@egk.eus helbide elektronikoetara edo deitu 944 43 61 43 / 945 22 06 01 zenbakietara

Txostena deskargatu