BerdinHezi: hezkidetzarako lehen urratsak txostena argitaratu dugu - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

BerdinHezi txostena: hezkidetzarako lehen urratsak

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) BerdinHezi: Hezkidetzarako lehen urratsak txostena egin du,  euskal gazteriak hezkuntza formalean ematen den hezkidetzari buruz dituen iritzi eta ezagutzak lantzeko. Txosten honen bidez, lehenik eta behin, orain arte hezteko baloreak berdintasunean oinarriturikoak izan diren jakin nahi izan da; bigarrenik, galdetegian eta eztabaida-taldeetan zehaztu ziren etorkizuneko hezkuntza hezkidetzailea lortzeko bidean eman beharreko urratsak gizarteratu nahi izan dira.

Txostenean zehar, berdintasuna sustatzeko eta bermatzeko egindako neurrien marko juridiko bat, sexu-genero sistema eta hezkuntza sistemaren marko teoriko bat, egindako galdetegi eta eztabaida-taldeetako emaitzak eta, eskaera eta proposamen batzuk garatzen dira.

Galdetegi bat eta bi eztabaida-talde garatu dira hau egiteko. Alde batetik, hiru atal nagusitan bereizitako eta 56 galderez osatutako galdetegia diseinatu da. Hau, martxoaren 26tik maiatzaren 31ra egon zen irekita eta 182 erantzun lortu ziren. Bestetik, bi eztabaida-talde egin dira galdetegiko eskema berdina erabiliz. Horretarako 18-30 urte bitarteko irakasleak bilatu ziren hezkuntza formalean izan duten esperientzia gertutik kontatzeko. Informazio gehiago albiste honetan.

Eta zuri, zer iruditu zaizu? Identifikatu dugunarekin bat zatoz? Nola osatuko zenuke? Lanketa hau eta txostenean bildu duguna abiapuntua da eta 2019an zehar garatzen jarraitu nahi dugu. Beraz, edozein ekarpen izanez gero edo proiektuari buruz gehiago jakin nahi baduzu, idatzi berdintasuna@egk.eus helbide elektronikora edo deitu 94 44 36 143 zenbakira.

Txostena deskargatu