ONGI ETORRI WEB BERRIRA

27 May, 2011

ZORIONAK gazte elkartegintzari! Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak “berdefinizio-prozesua” abiatu du “ilusioz” bere 25. urteurrenean

Indartzen programa jarri du martxan Gazte elkarteen plataformak, bere funtzionamendua eta egitura berrikusteko

Bere urteurrenean Eusko Jaurlaritzak 25.000 euro defizit “oparitu” dizkiola salatu du gazte-elkarguneak

Bilbon, 2011ko maiatzaren 27an. Gaurko egunez duela 25 urte, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK) jaio zen. Maiatzak 27 zitueneko 1986ko egun hartan, Eusko Legebiltzarrak 6/1986 Legea onartu zuen. Arau horrek zuzenbide publikoko erakunde bezala gorpuztu zuen gazte elkarteen plataforma. Eta orain, elkargune honek 25 urte bete ditu, bere helburuak, funtzionamendua eta egitura berdefinituko dituen Indartzen programa edo “prozesu pizgarri eta pozgarri” batean murgildu berria, “jendarte mugimenduek eta gazteek eskatzen dutenaren araberako Kontseilu eredua eraikitzeko”.

Bi hamarkada baino gehiagoko ibilbidea egin eta gero, pasa den martxoan barne-eztabaida eta hausnarketa prozesu bat abiatzea erabaki zuen Gazteriaren Kontseiluaren Asanbladak (EGK-ko kide diren 57 kolektiboek osatzen duten batzarrak). Horretarako, EDE Fundazioak eskaintzen duen Erakundeei lagundu eta erakundeak indartzeko Indartu programaz baliatzea adostu zuen. Testuinguru honetan, EGK-k INDARTZEN proiektua abiatu du aipatutako kontsultoriaren gidapean eta talde-eragile batek gorpuztua; Kontseiluko elkarte guztiei zabaldu zaie talde horretan parte hartzeko deia, eta honako kideek osatzen dute: presidentea, presidente ohi bat, EGK-ko teknikari eta teknikari ohiek eta Gazteriaren Kontseiluko hainbat elkartek, bai aitzindariak diren batzuk (Gaztetxoak astialdi-eskola, besteak beste), bai sartu-berriek (Ajebask Enpresari Gazteen elkartea kasu).

Foro honetaz gain, kontraste-historikoa egiteko talde bat eratzea aurreikusten du gazteen sareak, bere historia ezagutzen duten eragile eta adituekin. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzaren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gazteria departamenduen ikuspuntua eskatuko du EGK-k, hala nola beste Gazteria Kontseilu batzuena ere.

Lau fase abendura arte

Proiektua lau fasetan burutuko da. Lehenengo eta behin, gazte-plataformak gaur egungo bere egoeraren eta EGK osatzen duten elkarteen erradiografia egingo du. Ondoren, bere funtzionamenduaren, antolakuntzaren eta egituraren diagnostiko oso bat egingo du, kontuan hartuz elkarteei eskaintzen dien babes edo zerbitzua, Administrazioarekin duen harremanarena edo gazteekiko duen konpromisoa.

Lehenengo bi fase hauek uda baino lehen bukatuko ditu eta datorren ikasturtean EGK-k hirugarren fasea abiatuko du, bere lan-ildo estrategikoak zehazteko eta, azken urratsean, Kontseilua berbideratu eta berregituratzeko neurri konkretuak hartzeko. Behin bide hau ibilita, lan horren emaitzak Asanblada ordezkatzen duen Batzorde Iraunkorrari aurkeztuko dizkio Indartzen prozesuaren lantaldeak datorren abenduan. Argi berdea ematen dionean, EGK-k “bideratze-berriari ekingo dio gogotsu”, prentsa-oharrean adierazi dutenez.

25 urte… eta “defizita opari”

Bere 25. urtemugan, “urteurrena ospatzeko euro bat ere” ez duela salatu du EGK-k. Eta ez hori bakarrik: eurorik ez izateaz harago, Eusko Jaurlaritzak “oparitu” dion 24.727ko defizita du. Izan ere, bi urtetan %20an murriztu baitio gobernu-taldeak gazte-erakundeari ematen dion diru-laguntza nominatiboa. 2009an, orduko erkidegoko-exekutiboak 331.000 euro eman zizkion 57 elkartez osatutako plataformari, eta hurrengo urtean, gobernu-talde berriak 294.000 eurora murriztu zuen diru-kopurua. Ondoren, 2011ra begira, Jaurlaritzak berriz ere txikitu zuen kontu-saila, 265.000 eurotara jaitsiz.

Gauzak horrela, gur egun EGK-k “gutxienera murriztutako langile-taldea du -bederatzi teknikari -, eta hamaika proiektu itxaron-zerrendan”. Hala eta guztiz ere, bere 25. urteurrena ospatu ospatuko du , eta aurrerantzean “gazte-elkartegintzaren alde lan egiten urte gehiago betetzen” tematuko da. Izan ere, prentsa-oharrean adierazi duenez, “beharrezkoa baita gazte-elkarteak bilduko dituen topagune berrindartu bat; pertsona gazteak artikulatuko dituen elkargune bat, jendartea eraldatu nahi baldin badugu”.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.