16 January, 2023

HARREMANAK EHUNTZEN: MAITASUN ETA GORROTO DISKURTSOAK

2021.urtean, Zaintzen Plaza proiektuaren baitan, zaintzak erdigunean jarri nahi izan ziren. Batetik, zaintzen sisteman gazteak non gauden jakiteko, eta, bestetik, gazteen osasun mentalaren gaia lantzeko. Nola zaintzen dugu elkar? Nola harremantzen gara gure ingurunearekin? Zerk eta nola eragiten digu? Zer harreman toxiko sortzen ditugu? Zer genero-patroi jarraitzen ditugu? Nola deseraiki ditzakegu?

Galdera horiei buruz hausnartzeko, Cristina Lizarragarekin eta Adriana Royorekin solasaldi bat egin zen.

Aurten, proiektu honi jarraipena eman nahian eta harremantzeko moduen ildoari jarraiki, maitasun erromantikoan jarri dugu fokoa; antzeman baitugu gazteen artean bikote-harreman sexu-afektiboei berebiziko garrantzia ematen zaiela eta zentzu horretan, beharrezko ikusi dugu gai hau gureganatzea eta modu berean, gizarteratzea. Horretarako, Brigitte Vasalloren eskutik, HARREMANAK EHUNTZEN: MAITASUN ETA GORROTO DISKURTSOAK hitzaldia antolatu dugu, gai hauen inguruan hausnartzeko abagune bat sortuz.

Txikitatik ezagutu dugu bikote arteko maitasuna, eta harremantzeko edo beste pertsona batekiko loturak sortzeko sistema bakarra inposatu zaigu pentsamendu monogamoaren bitartez. Gazteen artean patroi finko batzuen baitan harremantzen gara, baina zer dago erakutsi diguten maitasun erromantiko horretatik haratago?

EGK-k, Gasteizko Udalarekin elkarlanean, auzi honen inguruan sakontzeko jardunaldi bat antolatu du, urtarrilaren 30ean, 18:30tatik 20:30tara, Gasteizko Villa Suso Jauregian, Martin de Salinas aretoan. Bertan, Brigitte Vasalloren eskutik, gai honen barrenera bete-betean salto egiteko aukera izango dugu, gaur egungo harreman eraikuntzak zalantzan jarriz, maitasun era subertsiboak planteatzen.

Jardunaldira etortzeko nahikoa da izena ematea, https://labur.eus/maitasungorrotodiskurtsoak estekan ala www.egk.eus webgunean.

Informazio gehiago nahi izatekotan edo galderarik izatekotan idatzi berdintasuna@egk.eus helbidera edo deitu 615749929 (Leire) zenbakira.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.