Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta Euskararen Aholku Batzordeko (EAB) Gazteriaren Batzorde-atalaren zuzendariak, Jone Miren Hernandezek, Itsaso Andueza Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) presidentearekin batera batzorde atal honek egindako Gu Gazteok ikerketaren emaitzen txostena aurkeztu dute. Ikerketaren helburu nagusia gazteek beraiek euren hizkuntza ohiturak, jarrerak eta praktikak ezagutzea, aztertzea eta aurkeztea izan da.
Aurkezpenean Baztarrikak txostenaren zergatia aipatu zuen. EAB berritzearekin batera bi lan-arlo berri sortu ziren, horietako bat Gazteriaren Batzordea gazteok euskararen erabilerari buruz ahotsa izan dezagun. Era berean, Gu Gazteok txostenean hainbat ondorio eta proposamen plazaratu dira, Hernandezek egindako ikerketa eta aurrez zegoen bibliografia anitza oinarri bezala hartuta.
Gu Gazteok txostenaren ondorioak
- Euskara zaharren hizkuntza izatetik egun gazteon hizkuntza izatera pasa da
- Hiztun berrien belaunaldia sortu da, euskara ikasi dute eta euren bizitzan eta egunerokotasunean txertatu dute
- Hala ere, mugak dituzte. Ezagupenarekin batera ez da euskararen kultura garatu. Hutsuneak somatzen dira.
- Garapenean asko egin da eta eskolak protagonismoa hartu du, baina arau kutsuarekin. Eskolatik at bestelakoak behar
- Erabiltzeko bi helduleku: ohitura (orduak eskolan) eta diskurtsoa (baikorra). Euskaldun sentitzen dira
- Askotan ez da nahikoa, egoera batzuetan eskolako bizitzatik at gehiago behar. Gaztelaniak posu handia du oraindik
- Hizkuntz aldaketa eta gaztelaniarekin nahasketa oso ohikoa da. Esaldi berean ere, praktika arrunta eta modu normalizatuan.
Euskararen Aholku Batzordeko Gazteriaren Batzorde proposamenak
Egoera honen aurrean, EABk proposamen hauek egiten ditu:
- Errealitatea aztertzen jarraitu txostenak zehaztutako ildoetatik
- Eskolatik kanpo gaztelaniak duen pisu handia ikusita euskararen presentzia bultzatu
- Eskolaren papera funtsezkoa izan da eta izango da. Horregatik, berau indartzea
- Eragile, agintari, monitore eta gazteentzako erreferente den edonork euskara erabiltzea publikoki ere
- Gazteen euskara aktibatu behar da. Ezagutza badute, orain erabilera sustatu. Bereziki sorkuntzarekin zerikusia duena
- Euskararen prestigioa lantzen jarraitu. Aurrez aipatutako presentzia publikoak lagunduta
EGKren ikuspegia
Azkenik, EGK-ko presidentak, Itsaso Anduezak, gazteon aldarrikapen eta beharrak mahai gainean jartzeko baliatu du agerraldia. Ikerketan egindako lana azpimarratu nahi izan du Andueza lehenik, “adin-tartea (12-14) gurea ez bada ere balekoa eta esanguratsua delako. Iaz 14 zituztenek datorren urtean 16 izango dituzte”. Izan ere, “gazte kolektiboa egunez egun berritzen doa eta horregatik honelako diagnostiko edo ikerketak oso esanguratsuak dira”.
EGK-ko presidentaren arabera, pozteko datua da euskara gazteen hizkuntza izatea eta hauek ikuspegi eta iritzi baikorra izatea euskarari buruz. Hori mantendu eta indartzeko asmoz, hainbat eskaera egin ditu Anduezak:
- Ahozkotasuna eta jariotasuna lantzea: “Erabilera bultzatu nahi bada eskolan, ordu gehien pasatzen ditugun lekuan, ahozkotasuna eta jariotasuna landu behar ditugu”.
-
Hezkuntza formala: “Goi-mailako ikasketa oro euskaraz egiteko aukera bermatzea”.
-
Euskara arlo ez formalean: “Ikerketan jasotzen den bezala, kirol, astialdi eta bestelako elkartegintzetan baliabideak eskaini behar dira eta lagundu dezakeen edozerk lekua izan behar du”.
-
Agintari eredugarriak: “Agintari, eragile eta bestelako pertsonaiek euskara publikoki erabiltzeak hizkuntzari prestigioa ematen dio. Horregatik, EGKtik euskara erabiltzera gonbidatzen ditugu gazteontzat erreferente direlako”.
Albistea: