-
Etikasi proiektuaren helburua etikaz eta giza eskubideez ikastea da Balkanak edo Ipar Irlanda bezalako leku esanguratsuetara egindako bidaien bitartez
-
Lehen fase honek esperientzia pilotu izaera du eta bere ebaluazioa izango da etikasi programaren urteko eskaintzaren oinarria
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak etikasi programa sustatu dugu giza eskubideetan proiektu hezitzailea finkatzeko helburuarekin, giza duintasunean oinarritua eta bakearekiko, aniztasunarekiko eta elkartasunarekiko konpromisora bideratua, betiere enpatiatik. Jarduketa-programa hau giza duintasunaren eta giza eskubideen esperientzia hezitzailea bultzatzeko sustatu da, lehen pertsonan ulertu eta bizitzetik abiatuta.
Programaren helburua eta laguntza kopurua
Programaren helburua Europako leku ospetsuetara egindako bisita hezitzaileen bitartez etikari (etika ikasi) eta giza eskubideei buruz ikastea da, besteak beste kontzentrazio esparrua izateagatik markatuta gelditu diren hiriak edo indarkeria gordina jasandako zonaldeak, Ipar Irlanda adibidez. Giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspuntutik, zuzenean eta pertsonalki leku horietan egoteak eta jazotako gertakizun traumatikoei buruzko istorioak ezagutzeak potentzial pedagogiko handia eta iraunkorra dauka. Jarraian irakur dezakezu etikasi programari buruzko oinarrizko informazioa:
Bisita hauek bost eguneko iraupena izango dute gehienez eta bi talderentzako eskainiko dira:
- Lehen taldea: gehienez 30 plaza eskaintzea aurreikusten da Batxilergoko 1. mailako ikasle-taldeek lau eguneko bisita egin dezaten Auswichtzera, Polonia.
- Bigarren taldea: gehienez 30 plaza eskaintzea aurreikusten da Lanbide Heziketako Erdi eta Goi Mailako heziketa zikloetako eta Unibertsitateko lehen mailako ikasleek bost eguneko bidaia egin dezaten Belfastera, Ipar Irlanda.
Entregatu beharreko dokumentazioa
Eskaeren izen-ematearen epea urtarrilaren 31ren eta otsailaren 22aren artean izango da bi taldeentzat. Batxilerreko ikasleek taldearen bideo labur bat bidali beharko dute martxoaren 11ren aurretik. Hemen duzu oinarrizko informazioarekin bete beharreko dokumentua eta hemen bideoaren informazio teknikoarekin bete beharrekoa.
Era berean, Lanbide Heziketako edo unibertsitateko lehen mailako ikasleek motibazio-gutuna eta giza eskubideei buruzko hausnarketa pertsonal bat bidali beharko dute martxoaren 11ren aurretik. Hemen duzu oinarrizko informazioarekin bete beharreko dokumentua.
Eskaeren zuzenketa-epea
Bi kasuetan 10 egun naturaleko epea egongo da 2019ko martxoaren 11tik martxoaren 21era (biak barne) arrazoi bat edo bestearengatik osatu gabe dauden eskaeren zuzenketarako. Ebazpena apirilaren 1ean izango da. Ebazpena publiko egiten denetik, etikasi programan parte hartzeko hautatuak izan direnek gehienez 10 egun natural izango dituzte programan euren parte-hartzea berresteko. Hau da, 2019ko apirilaren 11 arte.
Emaitzaren onarpenak, bidaiaren aurreko formakuntzan parte hartzeko konpromisoa onartzen dutela esan nahi du. Parte-hartzaileek bidaiaren ondoren beste lan bat egin beharko dute, bidaian ezagututako lekuaren eta Euskadin egindako memoria kritikoaren artean etikaren ikuspuntutik dauden amankomuneko puntuei buruz ondorioak ateraz. Honetarako, parte hartzaileek bidaiaren inpaktua ebaluatzen duen hezkuntza-modulu bat garatu beharko dute.
Behin-behineko kronograma (taldeen beharretara egokitu daiteke):
- Bidaia aurretiko formakuntza: 2019ko apirila eta maiatza
- Bidaia: 2019ko ekaina eta uztaila
- Ebaluazio-modulua: 2019ko iraila
Hemen duzu oinarrien eta deialdiaren hautapen prozesuari buruzko informazio guztia. Eta prozesuari buruzko edozein zalantza izanez gero bakea@egk.eus helbidera idatz dezakezu edo 943 42 97 67 zenbakira dei dezakezu.
*Programaren gako nagusiak bideo honetan bildu ditugu
Egun on,
Oso ideia ona dela uste dut, baina zuzenketa bat egin beharko litzateke:
“Auschwitz” sarraski-esparruaren alemanezko izena da, ez hiriarena. Hiria “Oswiecim” deitzen da polonieraz (gutxi gorabehera “osvietzim” esaten da), eta gauza garrantzitsua da bi toki horiek bereiztea. Lau egun Auschwitzen bertan pasatzea oso gogorra izango litzateke, seguru.
Adeitasunez,
Kaixo Magdalena!
Mila esker! Guri ere oso proiektu interesgarria iruditzen zaigu eta gazteontzat baliagarria izango dela espero dugu. Ea lehen esperientzia ondo irteten den eta hurrengo urteetan errepiak daitekeen. Sarraski-esparru eta hiriaren arteko nahasketan arrazoi duzu, kontuan izango dugu hemendik aurrera sortutako dokumentazio guztian.
Beste edozein ekarpen egin nahi izanez gero idatzi zalantzarik gabe. Hemendik edo bakea@egk.eus helbidera. Mila esker berriro ere!