EGK-k Legebiltzarrean egindako agerraldiaren argazkia

11 May, 2016

“Gazteriaren lidergo soziala bermatu behar da”

“Gazteriaren lidergo soziala bermatu behar da”

Gasteiz, 2016ko maiatzaren 11a. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) gazteriaren lidergo soziala bermatzeko eskatu du. “Asko hitz egiten da gazteon parte-hartzeari buruz, baina une iristen denean ez zaigu tokia uzten” aldarrikatu du Itsaso Andueza presidentak.

Euskal Legebiltzarreko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordean egindako agerraldian legebiltzarkideei EAEko gazteriaren lidergo sozialaren defentsa egin du EGK-ko presidentak. “Gazteok prest gaude horretarako. Iaz egindako parte-hartze ikerketan argi geratu zen gazte aktiboak garela” baieztatu du. “Esatetik egitera pasatzeko unea da”, eskatu die Itsaso Anduezak.

Agerraldia demografia arazoa mahai gainean jartzeko baliatu du Gazteria Kontseiluak. Izan ere, 2001etik gazteria populazioa erdira jaitsi da Behatokiaren datuen arabera. “Arrazoiak askotarikoak dira eta hori aztertzea beharrezkoa iruditzen zaigu” adierazi du Itsaso Anduezak. “Zati batek gazte izateari utzi dio, beste batzuk kanpora joan dira eta jaiotza-tasa jaitsi da. Orain da unea politiken bidez egoera aldatu eta neurriak sustatzeko. Bestelakoan, arazoa larritzen joango da” aldarrikatu du EGK-ko presidentak. Ildo beretik emantzipatzeko batez besteko adina 29,4 urtekoa dela azpimarratu du.

2015eko memoria aurkezteaz gain, 2016rako plangintza azaldu du EGK-k. Aipamen berezia izan du agerraldian Berdintasun lan-arloa berreskuratu izanak 2015ean eta atal honek 2016an zehar garatu duen Gaur8 lantaldeak. “Gazteok oso arduratuta gaude emakume eta gizonezkoen berdintasunarekin eta LGTBI+ kolektiboaren eskubideekin”. Horren harira, apirilaren 26an Gasteizen egindako Hiruburuak eztabaida-dinamika ekarri du gogora Itsaso Anduezak eta bertaratu ziren gazteen eskaera luzatu die legebiltzarkideei: lan-munduaren diseinuan, eraikuntzan eta kudeaketan genero ikuspegia txertatzeko beharra. Horretaz gain, EGK-ko presidentak jai-gune eta festetan ematen diren eraso sexisten inguruko ardura helarazi die legebiltzarkideei. “Gazteok kezkatuak gaude, EGKtik lanean ari gara eta laster egitasmoak aurkeztuko ditugu gaiari buruzko sentsibilizazioa lortu eta saihesteko asmoz”.

Azkenik, EGKren funtzioa gogorarazi die legebiltzarkideei. “Ganbera honetan adostutako lege baten eskutik jaio ginen eta 30 urtez sortze-arrazoi horien ildotik egin dugu lan: gazteen, gazte-elkarteen eta erakundeen arteko interlokuzio eta zubi lana egitea”. Horren adibide bezala, EGK-ko presidentak Bilboko udalarekin berriki elkarlanean ikasteko espazioei buruz egindako txostena, Lehen Aukera programari egindako ekarpenak eta beste hainbat kontraste lan aipatu ditu. Funtzio hori berresteko asmoz EGKri buruzko adierazpen instituzionala eskatu die Itsaso Anduezak legebiltzarkideei.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.