Urte aldaketarekin ohikoa da asmoen eta egin nahi direnen zerrenda osatzea. Honetan, askotan, ekimen edo proposamen berriak azaldu ohi dira eta, beste batzuetan, dugunarekin jarraitzea eskatzen da. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) ez gara bereiz geratzen eta 2019ari amaiera eman bagenion ere proiektu askori jarraipena emango diogu 2020an zehar. Izan ere, oraindik gazteon egoera eta eskubideak aldarrikatzeko ibilbide luzea dugula uste dugu.
Esku artean izango dugun horietako bat da #GazteAgora, Eusko Ikaskuntzarekin, Nafarroako Gazte Kontseiluarekin eta Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean antolatutako ekimena. Gure funtzioa gazteok egun bizi dugun egoera hobetzeko asmoz hauen, gazte-elkarteen eta administrazioen artean zubi-lana egitea da identifikatutakoak konpontzeko hobekuntza-proposamenak helaraziz. Bide horretan, urrian orrialde hauetan azaldu bezala, inguruko eragileekin harremana izatea ezinbestekoa da.
Izan ere, Euskadiko gazteon beharrak Nafarroako edo Ipar Euskal Herriko gazteenekiko berdinak ala ezberdinak dira? Galdera honi erantzuteko eta hainbat gai jorratzeko asmoz, jarri dugu martxan aipatutako #GazteAgora proiektua. Honen helburua gazteon arteko espazioak sortzea da, interesekoak diren gaiak jorratzea eta elkarren arteko proposamenak egitea. Betiere adostasunak oinarri izanda, denok gustura sentituko garen espazioa sortuta eta jarrera propositibo eta eraikitzailea izanda.
Pasa den abenduaren 14an izan zen lehen topaketa Donostiako Miramar Jauregian. Laster, otsailaren 8an, Iruñan nafarren txanda izango da eta, ostean, Ipar Euskal Herriko gazteena martxoaren 14an Baionan. Hiruetan gai berdinak izango dira mintzagai: gobernantza eta parte-hartzea, hizkuntza eta politika linguistikoa, hezkuntza eta sozioekonomia.
Ostean, noski, proiektua ez da amaitutzat emango. Hiru ekitaldietan atera diren ondorioekin, identifikatu diren behar eta nahiekin eta hauei erantzuteko plazaratutako proposamenekin lanean jarraituko dugu. Jarraipen lan horretan lehen pausua apirilaren 25ean egingo dugun Mugaiz Gaindiko topaketa izango da, ordu arte lortutako material guztia komunean jarri eta gazteon artean kontrastatu eta osatzeko.
Open Space honetan komunean jarriko ditugu Donostian, Iruñean eta Baionan ateratako proposamenak, izandako eztabaidak eta etorkizunera begira gazteok plazaratutako eskariak. Noski, ekitaldi honetan edozeinek parte hartu ahal izango du, aurrez izandako hiru topaketetan parte hartu dutenek zein ostean ekitaldiaren berri izan eta interesa dutenek.
Proiektu honen bitartez sortuko dena lehen pausoa besterik ez da izango. Lurralde arteko harremana sortzen hasteko aukera paregabea izan da-eta. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarentzat oso interesgarria izan da Eusko Ikaskuntza, NGK eta UEU bezalako eragileekin elkarlanean aritzea. Gainera, guztiok hainbat gazte elkarterekin eta gazterekin zuzenean harremana egin dugu. Saretze hau oso aberasgarria da eta, horregatik, buruan dugu hau hasiera baino ez dela eta ibilbide luzea dugula aurretik.
Izan ere, gure funtzioa gazte, gazte-elkarte eta administrazioaren arteko zubi-lana egitea da gazteon egoera hobetzeko. Eta, noski, gazteok kolektibo oso anitza gara. Egin beharrekoa ahalik eta modu onenean egiteko ezinbestea da egoera eta errealitate ezberdinak ezagutzea eta hauekin elkarlanean aritzea. Begi-bistakoa da saretzeak harreman horiek sortzea asko errazten duela.
Hori buruan, apirilaren 25ean egingo den Mugaz Gaindiko topaketan erabiliko den dinamika Open Space izango da. Era honetan parte-hartzaile orok askatasun handian parte hartzeko aukera izango dugu. Ez galdu aukera, anima zaitez #GazteAgora ekimenera eta babes itzazu zure eskubideak. Egin dezagun lan batzen gaituen norabidean.
Maialen Olabe, EGK-ko presidentea
2020-01-29
Artikulu originala Gazteberri aldizkarian